Euskal bideo-joko komunitateak eta Game Erauntsia Elkarteak "euskalduna ez den komunitatea" ere inplikatu nahi dute finkatutako helburua lortzeko; zehazki, 3.000 boto lortzeko: "Beharrezkoa dugu ahalik eta boto gehien lortzea, Twitchi euskara hizkuntza ofizialtzat hartzearen beharra dagoela erakusteko". Momentuz , 451 boto lortu dituzte eta larunbatean hasi eta astebetez luzatuko den ekimenaren bidez, ezarritako marka lortzea dute helburu.
Bestetik, adierazi dute euskara ofiziala izateko proposamena hainbat hizkuntzatan egindako bideoen bitartez zabaldu dutela: gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta japonieraz. "Hizkuntz hauei katalana eta galegoa gehituko zaie Gaming Cat eta Videoxogos Gal elkarteei esker", gehitu dute. Horrekin lotuta, bestelako hizkuntzetan bideoak jasotzeko prestutasuna ere aurkeztu dute 3000twitz@gmail.com helbidean edo sare sozialetan.
Horrez gain, abenduaren 28an hasita, egunero hainbat zuzeneko egingo dituztela ere adierazi dute, eta abenduaren 3an, euskararen eguna ospatzeko, Arkkuso eta Aiora Probatxoa youtuberrek eta Nebukai streamerrak elkarrizketa saio bat antolatu dute. Bukatzeko, abenduaren 5ean, kanpainari amaiera emango diote 24 orduko maratoi batekin. Bertan, astean zehar zuzenekoak egin dituzten streamerrak parte hartuko dute.