"Luxuzko egitaraua" bigarren Blues Hotsak jaialdian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko aza. 19a, 15:21

Dama Beltzak taldeak domekan kontzertua egingo du Soraluzeko antzokian.

Datozen bi asteburuetan, Blues Hotsak Jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute Soraluzen. Etzi, zapatua, hasita, guztira bost kontzertu eta liburu aurkezpen bat eskainiko dituzte herriko antzokian. Herriko Iratxo gozodendan eros daitezke sarrerak. Soraluzetik kanpokoek udaletxera deituta –943 75 30 43– erreserbatu beharko dituzte sarrerak eta ziurtagiri bat ere jasoko dute emanaldira joan ahal izateko. 

Ubane Uzin Errabal Jazz elkarteko kide eta jaialdiaren antolatzailearen esanetan, aurtengo jaialdian bluesa izango da nagusi eta "luxuzko egitaraua" izango du: "Euskal Herri osoko zaletuak erakartzeko asmoz dago jaialdia pentsatuta, bertan izango ditugu nazioartean ezaguna den artista bat, Europan eta estatu mailan diharduten bi talde, euskarazko sorkuntza berezia eskaintzen duen emanaldia, eta horiekin guztiekin batera, herriko musika eskolako ikasleak, horiek ere izango dute beren lana erakusteko aukera". 

Emakume musikariak protagonista, lehenengo asteburuan

Ameriketako Estatu Batuetako Gisele Jackson abeslariak zabalduko du etzi, zapatua, aurtengo  jaialdia, 18:00etan, herriko antzokian The Shu Shu's hirukotearekin eskainiko duen soul emanaldiarekin.

Domekan, azaroaren 22an, Berako Estitxu Pinatxo abeslariak gidatzen duen Dama Beltzak taldeak hartuko du toki eta ordu berean lekukoa  taularen gainean. "Musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten dama beltzei –Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin– egiten dieten merezitako errekonozimendu xumea da Dama Beltzak. Ahazturan gera ez daitezen, bost emakume ausart horien bizipenak kontatu eta horien abestiak kantatuko dituzte. Estitxu Pinatxoren ahotsa oinarri hartuta, piano eta gitarra doinuek jantziko dituzte abestiak". Eguerdiko 13:00etan, Musika eskolako musikarien txanda izango da.

Travellin' Brothers eta Amparo Sanchez, hurrengo astean

Euskal Herriko blues talde esanguratsuena, Travellin' Brothers, gonbidatu dute azaroaren 28rako. "Hamabost urtetan zortzi disko argitaratu dituzte eta mila kontzertu inguru eskaini. Zuzenekoan, taldearen ibilbidea markatu duten abestiekin osatutako errepertorioa eskaintzen dute. Azken diskoko abestietan oinarritua dago baina euren abesti historikoak berreskuratuz konponketa eta berrikuspen berriekin".

Amparanoia talde ezagunaren gidari Amparo Sanchezek borobilduko du aurtengo jaialdia; La niña y el lobo bere azken disko-liburua aurkeztuko du Soraluzeko antzokian. 12:30ean, liburua aurkeztuko du, eta 18:00etan, diskoa. "Lan autobiografiko horretan Sanchezek  indarkeria matxista ardatz duen istorio basati, urratzaile eta pertsonala jasotzen du".

Aurtengo Blues Hotsak jaialdiko kartela.

Sarrerak eskuragarri

Hamar euro ordaindu behar da, Gisele Jackson & The Shu Shu's, Travellin' Brothers eta Amparo Sanchez (Amparanoia) taldeen emanaldietako sarrerak, eta bost euro, Dama Beltzak ikuskizunerako. Liburuaren aurkezpenera joan ahal izateko, gonbidapena eskuratu behar da Iratxo gozodendan. Edukiera mugatua izango da, eta, gehienez 70 ikusle sartu ahal izango dira emanaldi bakoitzean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak