Gizartean normaltzat hartzen diren eraso sexistei aurre egiteko ekimena abiatu du Aldundiak

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 16a, 16:01

Azaroaren 25aren harira, Indarkeria matxistaren aurrean, ez zaitez ikusle huts bat izan izeneko kanpaina aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gaur abiatu den sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu dute Markel Olano diputatuak eta Miren Elgarresta Berdintasunerako foru-zuzendariak, eta azaldu dutenez, gizarteko eraso sexista "ohikoenen eta normalizatuenen" inguruan kontzientzia zabaltzea da helburua. "Herritarrei dei egin nahi diegu hainbat eremutan gertatzen diren jokabide matxistak identifika ditzaten, eta eguneroko errealitate hori desaktibatu dezaten", adierazi du Olanok.

Kanpainari dagokionez, sentsibilizazio-materia zabalduko da komunikabideetan eta kaleetan, eta Elgarrestak azaldu duenez, informazioa eta baliabideak emango dituzte: "Indarkeria matxista normalizatuari buruzko informazioa emango da, eta baita indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko dauden baliabideei eta eraso bat ikusiz gero jarduteko moduari buruzko informazioa ere, besteak beste". Modu horretan, Berdintasunerako Foru Organoko zuzendariak uste du herritarrak "ispiluaren aurrean jartzera" bultzatuko dituela kanpainak eta eraginkorra izango daitekeela: "Indarkeriatik atera daiteke eta lortu dezakegu, baldin eta denok gaiaren garrantziaz jabetzen bagara eta horrelako jokabideak justifikatzeari uzten badiogu".

1.300 emakumek jasotzen dute arreta urtero

Olanok emandako datuen arabera, urtero 1.300 emakume inguruk jasotzen dute poliziaren arreta Gipuzkoan, indarkeria jasan ostean. Dena den, indarkeria matxista ez da zenbateko horretara bakarrik mugatzen, izan ere, kasu asko ez dira salatzen, eta, hortaz, zenbatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak