Zerga bilketa metatua %9,7 jaitsi da Gipuzkoan urrira arte, 2019arekin alderatuta

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 14a, 11:30

Foru Aldundiko Ogasun Sailak jakitera eman duenez guztira 3.429,5 milioi euro jaso dituzte, 2019an baino 370,5 milioi euro gutxiago, zerga bilketa metatua %9,7 murriztuz aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Urtea bukatzeko geratzen diren hilabeteak oso garrantzitsuak direla gaineratu du Jabier Larrañaga diputatuak.

Sarreren arloan egon dela beherakada nabarmena azaldu dute, %7,3 murriztu da eta itzulketek gora egin dute %1,2.

Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez, zerga bilketak zertxobait berreskuratzera egin du azken hilabeteetan. Urteko azken bi hilabeteak" inoiz baino garrantzitsuagoak" izango direla gaineratu du, COVID-19 gaitzaren osasun krisiari aurre egiteko azken neurriek "eragina izango dutelako jarduera ekonomikoan eta, ondorioz, zerga bilketari" eragingo diotelako.

Martxora arte igoera, gero beherakada handia

2020ak bi egoera guztiz ezberdinak utzi ditu zerga bilketari dagokionez, Aldunditik jakinarizatako legez. Martxoaren 10 arte jasotako datuei erreparatuz gero, %7,2ko igo zen bilketa. Ordura arte 840,5 milioi euro jaso zituen Aldundiak eta, ondorioz, 2019an baino 56 milioi euro gehiago batu.

COVID-19 gaitzak eragindako alarma egoeraren eragina hurrengo hilabetean igarri zen. Apirila artean %24,4 jaitsi zen zerga bilketa metatua 2019arekin alderatuta eta 272,7 milioi euro gutxiago batu ziren. Diru sarrerak %12,1 murriztu ziren eta itzulketek gorakada handia izan zuten, %20,8. Foru Ogasunak %20 eta %25 arteko jaitsiera aurreikusi zuen orduan urte osoko zerga bilketan, lehen lau hilabetetako datuak aztertu ondoren.

Maiatzera bitartean jasotako datuek antzeko agertokia erakutsi zuten; %23,9 jaitsi zen bilketa metatua eta 2019an baino 368 milioi euro gutxiago batu ziren. Sarreretan egon zen beherakadarik nabarmenena, %14,8 murriztu ziren eta itzulketek gora egin zuten, %9,8. 

Ondoren, uztailera arteko datuak jaso zituen Aldundiak, eta %19,9 jaitsi zela jakinarazi zuen, iaz baino 456 milioi euro gutxiago batuta. Orduan ere, sarreren murrizketa %14,2koa zen eta zerga itzulketek %1,2 egin zuten gora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak