Sahararen aldeko elkarretaratzea deitu du zapaturako Saharaldeba elkarteak

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 13a, 18:27

Saharan gertatzen dabilena salatzeko asmoarekin Saharaldeba elkarteak elkarretaratzea deitu du biharko, azaroaren 14rako; Jose Maria Arizmendiarrieta plazan egingo dute, 12:30ean.

Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko tentsioak gora egin du Sahara Mendebaldearen eta Mauritaniaren arteko mugan.  Urriaren 21ean garraio blokeoa ezarri zuten Saharako hainbat herritarrek eta gaur armada bidali du Marokok eskualde desmilitarizatu horretara.

Debagoienean bizi diren sahararrek osatutako Saharaldeba elkarteko Saleh Salek kideak adierazi du ia 30 urte daramatzatela erreferendumaren zain eta gogaituta daudela: "1991an sinatu zen su-etena eta hurrengo urtean etorriko zela erreferenduma esan zitzaigun; ordutik zain gaude. Baina Nazio Batuetan dagoeneko ez da horren gainean berbarik ere egiten eta nekatu gara. Belaunaldi oso bat lurperatu dugu inolako aurrerapausorik eman gabe eta gazteak erabat gogaituta daude. Inork ez du gura gerrarik, erabakitzeko ahalmena da gura duguna, baina nahikoa da".

Azken asteetan han bizi den egoeraren berri ere eman du: "Lurralde liberatuetan pasua libre utzi genuen, alde batean eta bestean bizi ziren senideak elkar ikus zitezen. Eta pasu hori aprobetxatu du Marokok guri aberastasunak kentzeko eta Mauritaniarekin negozioak egiteko, besteak beste. Orain pasua itxi dugunean presioak etorri dira. Eta su-etenaren akordioa haustea". Gainera, bihar, azaroak 14 beteko dira 45 urte Saharako lurrak Marokoren eskuetan utzi zituela Espainiak.

Elkartasun adierazpenak

Ezker Anitzak-IUk Marokok egindako "eraso militarra" salatu gura izan du, eta Espainiako Gobernuari, Europar Batasunari eta Nazio Batuei eskatu die azkar esku hartzeko, Marokoko indarrak erretiratzeko, biztanleria zibila defendatzeko eta dauden bake akordioak errespetatzeko. Aldi berean, SEADeko Gobernuari babesa erakutsi gura izan dio "bakea, segurtasuna eta biztanleria zibilaren alde" egiten dabilen ahaleginagatik. Biharko elkarretaratzean parte hartuko dutela adierazi dute bertako ordezkariek, eta gainerako alderdiak, sindikatuak eta elkarteak ere horretara animatu dituzte.

EH Bilduk ere elkartasuna adierazi gura izan dio saharar herriari: "Fronte Polisario eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekin konpromiso irmoa agertzen dugu, baita Marokok, saharar lurraldea legez kanpo okupatzearen aurkako jarrera". Eta nazioarteko komunitatearen babesa eta laguntza funtsezkoak direla gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak