Axier Ugarte: "Ea Simeone Azkoitian ikusten dugun"

Xabier Urtzelai 2020ko aza. 13a, 15:00
Anaitasunako jokalariak, eguaztenean, Asturiasen partidua amaitu berritan.

Eguaztenean lortu zuen Anaitasunak Errege Kopako lehen kanporaketa partidurako txartela. Axi Ugarte oñatiarrak eta Markel Ilzarbe bergararrak jokatzen dute Azkoitiko taldean. Astelehenean egingo dute zozketa, Sevillan

Axi Ugarte oñatiarraren eta Markel Ilzarbe bergararraren Anaitasunak Errege Kopako lehen kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu zuen eguazten iluntzean Asturiasen (0-2), eta Azkoitiko taldearekin batera beste bederatzi klub txikik izango dute Kopako hurrengo kanporaketan Espainiako Ligako maila goreneko taldeekin jokatzeko eskubidea.

Ugartek dagoeneko hirugarren denboraldia darama Azkoitian. 2012an ere izan zen Aloña Menditik joanda, baina orduan peronea hautsita ez zuen Hirugarren Mailaz nahi moduan gozatu. Markel Ilzarbe, berriz, Bergarako harrobikoa da, baina UDArekin ere jokatu izan du. Aurten fitxatu du Anaitasunak.

Ezkerrean Axier Ugarte, 2018an Anaitasunara itzuli zenean. Markel Ilzarbe –eskuman– aurten hasi da Azkoitian jokatzen.

Hala, astelehenean Sevillan egingo duten zozketan ikusiko da Anaitasunak loteria horretan ze zorte duen: "Taldean komentatzen da Simeone Azkoitian ikustea ederra izango litzatekeela, edota Joaquinen Betis – Reala, Athletic, Bartzelona eta Real Madril ez dira zozketan egongo–. Beno, tokatzen dena tokatzen dela, atzoko [eguaztena] eguna ez digu inork kenduko", dio Ugartek.

Izan ere, Anaitasunak eguaztenean jokatu zuen Asturiasen kanporaketa partidua, Real Titanicoren kontra, eta asturiarrei 0-2 irabazi zieten gorriek –0-1ekoa penaltiz egin zuen Anaitasunak, eta, hain zuzen, oñatiarrari egin zioten penalti hori–. Lasaitasunaren gola (0-2), berriz, luzapenean egin zuten azkoitiarrek. Modu horretara, iaz ezarritako Kopako formatu berri honek interesa piztu du zaleen artean, talde txikiei handien kontra jokatzeko lehen baino aukera handiagoa ematen dielako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak