Naiara Goia: "Esperimentazio aktiboa da gure laborategiaren jardun nagusia"

Lehen pausoak ematen ari da Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategia. Elkarlanaren bitartez, gizartearen etorkizuneko erronkei erantzuna eman nahi die.

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendari lanetan dihardu Naiara Goiak urriaren 2az geroztik. Ingurumena eta gizartegintza ardatz ditu Arantzazu Gaur fundazioaren patronatuak martxan jarri berri duen proiektuak. Beste hainbat erakundek ere hauspotu dute laborategia.

Zer moduzkoa izan da lehenengo hilabetea?

Hasiera guztiak bezala, intentsua izan da, lan handikoa. Indartsu eta ilusio handiz hartu ditut lehenengo egunak.

Zer da, zehazki, laborategi hori?

Gizarte berrikuntza laborategiak elkarguneak dira erronka global konplexuen inguruan ikertzeko eta esperimentatzeko. Hainbat eragileren arteko elkarlana ahalbidetzen du, eta formakuntzak bideratzeko, gizartegintzako eta sozializaziorako topaguneak dira. Gure kasuan, azken helburua da erreferentziazko nodo bihurtzea gizarte justuagoa, lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta gizatiarragoa lortzeko. Dena Arantzazuren tradizioari helduta. Aukera emango digu euskal gizarteak dituen erronken inguruan hausnartzeko eta esperimentatzeko. Horregatik dauka zentroak izen hori: esperimentazio aktiboa da gure laborategiaren jardun nagusia.

Etorkizuneko erronkak aipatu dituzu. Zeintzuk dira?

Lau lan ildo hartu ditugu: ongizatea, elkarbizitza, lana eta trantsizio ekologikoa. Denonak dira erronka horiek; edozein erakunde, eragile edo enpresarenak. Erronka globalak dira, baina uste dugu tokian tokiko dimentsio soziala eta ekonomiakoa kontuan izanda eman behar zaiela erantzuna.

Zelan egingo duzue hori?

Gure helburuetako bat da herritarren parte hartzea eta inplikazioa bermatzea. Horretarako, parte hartze prozesuak bideratuko ditugu. Kongresuak antolatuko ditugu, baita ideiak partekatzeko eremuak ere. Horrekin oso lotuta dago gure bigarren helburua: saretzea. Elkarlana sortu behar dugu, besteak beste, erakundeen, gizarte eragileen eta enpresa pribatuen artean. Hala ere, gu ez gatoz inor ordezkatzera. Gure lana da ikustea non ditugun sinergiak eta nola eman dezakegun erantzun bateratua.

Nazioartekotzeari ere garrantzi berezia emango diozue.

Kanpotik ekarri nahi dugu ezagutza, eta egiten ari diren dinamikak eta esperientzia aurreratuak ezagutu nahi ditugu. Modu horretara, guretzat erreferentziazkoak izan daitezkeen beste laborategi edo zentro batzuekin konektatuko gara. Hemengoak ere izango ditugu kontuan, baina gure eredua kanpora eramateko ere balioko du nazioartekotze horrek. Beste lan ildo garrantzitsu bat ikerketarena da. Horretarako, unibertsitateek eginkizun garrantzitsua izango dute. Ikerketa ausartak, sendoak eta berritzaileak behar ditugu erronka konplexuen aurrean.

Ezjakintasun handiko garaia da. Eragina du zuen lanean, ezta?

Ziurgabetasun handiko momentuak bizi ditugu. Pandemiak azaleratu egin du erantzun azkarrak eman beharra. Erronkak tamaina handikoak eta konplexuak dira. Horri gehitu behar zaio ez dakigula nola aurre egin. Ezjakintasun horretatik lankidetza da oinarrizko elementu bat; lan indibidualarekin ezin diegu bakarrik erronka horiei aurre egin.

Arantzazun egotea berezia izango da, ezta? Eta bere garrantzia ere izango du.

Espazioak indarra dauka, baita balio sinboliko handia ere. Pertsona erdigunean jartzen du. Badauka patxada, badauka bilaketaren zentzu bat. Pandemiak espazioaren kontua erabat erlatibizatu du. Oreka bati eutsi behar diogu: gauza batzuetarako ez dago Arantzazun egoteko beharrik, baina beste batzuetarako espazioak badu garrantzia. Adibidez, jende anitza bildu nahi duzunean elkarrekin sortzeko, fisikoki egoteak badauka bere garrantzia. Jendea erakartzeko ere interesgarria da, eta Arantzazuk beti erakarri du sentsibilitate ezberdinetako jendea.

Zein da Debagoienaren egoera berrikuntzari dagokionez?

Gure bailaran oso ekosistema aberatsa daukagu; ia bakarra munduan. Kooperatiba sare handia daukagu. Horrez gain, puntakoak diren enpresak ditugu, lehiakorrak mundu mailan, eta unibertsitatea ere badaukagu. Gizarte berrikuntzari dagokionez, martxan jarri da aitzindaria den ekimen bat: Debagoiena 2030. Orain arte komentatu duguna bilatzen du: etorkizuneko erronka konplexuei erantzun kolektiboa ematea.

Nola ikusten dituzu datozen hilabeteak?

Lehenengo hilabetea izan den bezala, oso intentsuak izango dira datozenak ere. Erronka ugariko garaia izango dela uste dut, lan karga handikoa, baina ilusioz eta motibazioz egingo diot aurre.

Aho batez onartua

Arantzazu Gaur Fundazioaren patronatuak adostasun zabalarekin onartu du laborategia sortzea. Horren parte dira Gipuzkoako Fundazioa, Oñatiko Udala, Mondragon Corporation, Kutxa Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotar Probintzia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.