Marian Porcel ('Nevermore' liburuaren idazlea): "Kezkatzen nauen gaia da aldaketa klimatikoa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko aza. 13a, 10:18
Marian Porcel argitaratu berri duen Nevermore liburuarekin. Argazkia: John Andueza.

Klima aldaketaren aurka borrokan ari diren bi gazteri buruzko istorio bizia kontatu du arrasatearrak Nevermore izeneko bere bigarren eleberrian; euskaraz eta gazteendako idatzitakoa da.

Eusko Jaurlaritzaren beka bat jaso zuen epe zehatz batean liburua idazteko. Hala egin zuen, eta Elkar argitaletxearekin agitaratu berri du.

Pozik emaitzarekin?

Egia esan, bai; nire helburua gazteendako liburu erakargarria egitea zen, eta esango nuke nahiko lortuta dagoela. Irakurtzeko arina izaten saiatu naiz, elkarrizketa eta istorio biziekin. Izan ditudan lanbideen eta zaletasunen eragina du liburuak: kazetaritza testuak daude; poesiak; gidoietako elkarrizketa azkarrak... Whatsapp mezuak ere sartu ditut. Pot-pourri bat da.

Aldaketa klimatikoaren aurka dauden gazteak azaldu gura izan dituzu eleberrian. Zergatik?

Niretako garrantzitsuena zen gazteek klima aldaketaren kontra zelako borroka egin duten islatzea. Interesa piztu dien gaia izan da, eta niri ere kezka sortzen dit gaiak. Bi gazte dira protagonistak: Naia, 16 urteko neska, eta Bele, 17 urte dituen mutila. Mugimendu ekologistaren barruan ezagutuko dute elkar.

Zelakoak dira?

Bilbon bizi dira biak. Naia ekologia gaietan aktibista konprometitua da, oso argi dauka bere ideien alde borrokatu behar duela; oso bizia eta zabala da. Bele, berriz, guztiz kontrakoa da, mutil bakartia, bizitzan bere gorabeherak izan dituelako apur bat antisoziala; poesian eta bere burutazioetan gordetzen da. Harremana sortuko da eta adiskideak izango dira. Bakardadetik irteteko gogoa du Bele-k, eta Naiak lagundu egingo dio.

2019an kokatuta dago. Erreferentzia errealak agertzen dira?

Bai; urte hartan egindako mobilizazioen eta klimaren gaineko albisteak joan nintzen biltzen, eta esanguratsuenak liburuan sartu ditut. Adibidez, mundu mailan ikasleek egin zuten lehen greba eta Euskal Herrian egin zuten G7ko bileraren aurka Urruñan egin zuten kontragailurra; bi gazteak hara joango dira. Errealitatearekin lotzen saiatu naiz, irakurleen artean mobilizazio horietan ibilitakoak ere izan daitezke eta.

MARIAN PORCEL: "NAIA ETA 'BELE' DIRA PROTAGONISTAK; IRAKURTZEKO ARINA DA, ELKARRIZKETA ETA ISTORIO BIZIEKIN"

Izenburua ingelesez; gazteekin konektatzeko?

[Barreak] Ez nuen alde horretatik pentsatu. Istorioarekin oso lotuta dago; hortaz, gehiegi kontatu barik... Mutilari berba egiten dion bele bat agertuko zaio, eta "nevermore" esaten dio une oro. Ekintza bat egin nahi dute, eta, prestatzeko, leit-motiv moduan, hitz hori erabiltzen dute.

Argitaratzea zure kontu zen eta Elkar-ekin lortu duzu. Ez da gutxi!

Konfinamenduan bukatu nuen eta egoera hartan ez genekien zer gertatuko zen eta noiz hasiko ziren lanean; hala ere, tiraderan gordeta geratzea baino gehiago, argitaletxeetara bidaltzea pentsatu nuen. Elkarrera jo nuen lehenengo, eta baiezkoa eman zidaten. Oso pozik nago, nireak argia ikusiko duelako!

Non dago salgai?

Elkar dendetan eta online ere eros daiteke.

Bigarren eleberria duzu; aurretik, Todo saldrá bien argitaratu zenuen.

Bai, hala da; aurrekoa gazteleraz idatzi nuen, niretzako erronka moduan, neure burua probatzeko. Lan barik geratu nintzen eta idazteko gogoz nengoen, eta hala egin nuen. Argi dago, baina, nire idazteko hizkuntza naturala euskara dela, hala egiten dut poesiak edo bestelako lanak idazten ditudanean.

Idazten jarraitzen duzu?

Azkenaldian, askorik ezin; nahikoa lan dugu Harreman dendan. Gabonetara begira topera ari gara, ea nola eusten diogun urte bukaerari... Eta idazten, bai, jarraituko dut, baina asmo zehatz barik, gogoa dagoenean, nahiz eta tiraderan gordeta geratu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak