Aukeratu dituzte Rikardo Arregi Kazetaritza sarietako zortzi finalistak

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 6a, 15:10
Patxi Baztarrika, Mikel Arregi eta Estibalitz Alkorta, maiatzean egindako aurkezpen ekitaldian.

Azaroaren 26an banatuko dira Kazetaritza saria eta Komunikazio saria, eta bakoitzerako lau finalista aukeratu dituzte; tartean Artemanen Lur eta Amets filmaren komunikazio prozesua.

Xabier Lete gogoan izena hartuko du ekitaldiak, eta bertan jakingo da nortzuk diren aurtengo saridunak. Honako hauek dira Kazetaritza sarirako hautagaiak: Arantxa Arza eta Felix Zubia, Euskadi Irratiko Osasun Etxea irratsaioarengatik;  Miel Anjel Elustondo, Berrian argitaratutako Tonban ehortzirik testu sortarengatik; Euskadi Irratiko Albiste Faktoriako lantaldea, 2019ko irailetik 2020ko iraila bitartean egindako saioengatik; eta Berriako Koronabirusaren azken datuak atala egin duen lantaldea.

Bestetik, Komunikazio saria jasotzeko hautagaiak beste lau dira, eta horien artean dago bailarako Artemanen Lur eta Amets filmaren komunikazio prozesua. Gainerakoak CodeSyntaxen Egunean behin jokoa, Ene kantak!-en proiektu komunikatiboa; eta Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus Orkestraren  Urmuga proiektuaren spota dira.

Bestalde, epaimahaiari dagokionez, MUko Maite Goñi eta Jon Sarasua, Jose Inazio Basterretxea, Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga eta Ion Muñoa adituek osatuko dute taldea.

Leteren lana aitortzeko ekitaldia

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 26an izango da, Andoainen, eta kazetariak eta haien proiektuak saritzeaz gain, Xabier Leteren lana aitortu eta eskertzeko ere baliatuko dute saioa. Horretarako, Joxan Goikoetxea, Klara Mendizabal, Petti eta Antton Valverde musikariek parte hartuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak