Gazte mailatik 23 urtez azpiko mailara igaroko da Xubane Garai (Aretxabaleta, 2002) txirrindularia datorren denboraldian, Limousin taldetik Laboral kutxa taldera. "Erronka" berrian taldekide izango du Garazi Estebez (Aretxabaleta, 2002) txirrindulari debagoiendarra ere. Estebezek Gipuzkoa Ogi Berri taldean egin ditu azken lau denboraldiak, kadete eta junior mailetan, eta datorren denboralditik aurrera Laboral Kutxako 12 txirrindularien artean arituko da, 23 urtez azpiko mailan. Hala ere, pistako txirrindularitzan lehiatzeko Gipuzkoa Ogi Berrirekin jarraituko du.
Maila eman guran
Garaik aitortu duenez, hasierako beldurrak baztertuta, "maila emateko lanean" ari da: "Itxialdian geundenean banuen beldur edo ardura puntu bat, lasterketarik ez zegoen eta ez nekien lehiara itzultzerakoan %100 eman eta egindako lana ondo erakutsi ahalko nuen. Denboraldi berrira begira talde gabe geratzeko beldurra nuen".
Beste egoera batean zegoen Estebez. Hainbat talderen eskaintzak zituen: "Proposamenak iristean presio handia sentitu nuen; ia urtebetez ezer egin gabe egon naiz, eta onena eman nahi nuen. Asko baloratu ostean, Laboral Kutxaren aldeko apustua egitea erabaki dut, une honetan gehien komeni zaidana da".
Maila aldaketak lan egiteko moduan ere jauzi "handia" ekarriko duela azaldu dute: "Laboral Kutxa bada izen bat duen taldea". Itxialdiak eragindako geldialdiaz gain, denboraldi "zaila" izan dela dio Estebezek: "Bi lesio izan ditut jarraian eta ia urtebetez ezer egin ezinda egon naiz".
Taldearen garrantzia
Ainhize Barrainkuarendako bigarren denboraldia izango da Laboral Kutxan, eta, zehaztu duenez, "ilusio handiz" hartu du bailarako txirrindulariak taldekide izango dituen albistea. Taldearen izaera azpimarratu du: "Oso giro ona dago, beti elkarri laguntzeko prest". Maila gorenean ariko dira hirurak, Laboral Kutxak UCI WorldTourrean aritzeko txartela lortuta.