Giro lasaia eta herritar gutxi bailarako hilerrietan, ezohiko Domu Santu egunean

Jone Olabarria 2020ko aza. 1a, 14:19

Pilaketak ekiditeko asmotan, herritar ugarik aurretik egin dute aurten hilerrira bisita. Hala, gaurkoan herritar gutxi izan dira kanposantuetan eta bertaratu direnek ere hala aitortu dute: "Gaurko egunez, ohiko egoeran, beteta egoten da hilerria, baina gaur isiltasuna da nagusi".

Ezohiko Domu Santu eguna ari da izaten aurtengo azaroaren 1a, eta bailarako hilerrietan igarri da herritar gutxiago gerturatu dela gaurkoan senideei bisita egin eta lorak lagatzera. Hala ere, Oñati eta Arrasateko hilerrietara gerturatu diren debagoiendarrek aitortu dute "egun garrantzitsua" izaten jarraitzen duela gaurkoak: "Neurri bereziak bete behar baditugu ere egun honetan etortzea gustatzen zaigu hilerrira, gure senideei bisita egitera. Dena den, hemen ikusi dudanaren arabera jende asko aurretik etorri da; lorak jarrita daude eta dena txukunduta baina jende gutxi dabil".

Arrasateko hilerrian ere "giro tristea" nabari zela adierazi du herritar batek: "Ikusten da oso jende gutxi dagoela eta arau zorrotzak ezarri dituzte. Bestela familia osoak etortzen ziren eta orain ez dabil apenas inor. Aurreko urteetan makina bat jende ibiliko zen eguerdi bueltan eta une honetan 6 sei pertsona gaude Arrasateko hilerri osoan, ia hutsik dago".

Herritarrak, "neurriak betetzen"

Arrasateko hilerriaren atarian, Jose Ramon Sarasua Udal garabiko gidariak azaldu duenez, ezarritako neurriak "ondo" bete dituzte herritarrek: "Alde batetik sartu eta bestetik irten behar da. Hilerrian bertan ere norabideak markatuta daude eta horiek jarraituz egin behar da bidea. Edukierak mugatuta daude bai hilerrian orokorrean, baita beilatoki eta hezurtegian. Barruan soilik ez, kanpoan ere aparkatzeko lekua mugatu da". Herritarrei aurreko egunetan joateko deia egin zitzaiela azaldu du Sarasuak: "Denak batera ez etortzeko eskatu genien herritarrei eta hala egin dute, ez da pilaketarik egon gaurko egunean zehar, behintzat eguerdira arte. Apurka-apurka etorri dira herritarrak eta zentuz ari dira jokatzen, baita neurriak betetzen ere".

Oñatiko kasuan, hilerriko edukiera kontrolatzen aritu da Maite Elizburu udal langilea. "Trankil ikusi dut egoera, goizean ez da 70 pertsonatik pasa aldi berean barruan zegoen pertsonen kopurua, hortaz lasai. Lora asko aurretik jarrita zeudela iruditu zait, herritarrak aurretik etorri direnaren seinale".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak