Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako sei hilarri ikusi daitezke Bergarako Laboratorium museoan gaurtik. I. eta III. mendeen arteko 40 hilarriren artean aukeratutako sei pieza dira, Euskal Herrian lehen aldiz ikusi daitezkeenak.
Gaur arratsaldean inauguratu dute erakusketa komisario lanak egin dituen Eduardo Alfaro arkeologoaren presentzian. Azaldu duenez sei hilarrietatik bat, estela antropomorfo bat, erromatarren aurreko garaietakoa da. Gainerako bostak erromatarren garaikoak dira eta erakusketa berezi egiten duena, piezen onomastika indigena da: "Ikusten diren inskripzioetan, Pirinioetatik hegoaldera aurkitu den izen protoeuskaldunen kopuru handiena dago. Berezia da hori, uste zelako Ebrotik hegoaldera aurkitzen ziren euskara zaharraren arrastoak Erdi Aroko birpopulatzearen ondorio zirela. Honek erromatarren garaietara eramaten ditu Ebrotik hegoaldera agertu diren euskararen zantzuak". Hori horrela izateak hizkuntza ez-indoeuroparrentzat duen balioa azpimarratu du Alfarok. Hilarrietako batean, esaterako, Sesenco izena irakurri daiteke argi eta garbi.
Abenduaren 20ra arte
Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendari Mikel Aizpuru izan da gaurko inaugurazioan parte hartu duen ordezkarietako bat, eta berak ere erakusketaren berezitasuna azpimarratu du: "Batetik, Soriako eskualde horretan estela arloan duten aberastasuna erakusten duelako. Bestetik, euskararekin zerikusia izan dezaketen estelak direlako batzuk. Bukatzeko, historiaren inguruko hausnarketa egin eta hipotesi berriak lantzeko aukera ematen duelako".
Gorka Artola Bergarako alkateak bestalde, erakusketaren kalitatea nabarmendu du, baita Euskal herrian lehen aldiz eta primizian Bergaran ikusi daitekeela ere. "Pena bat da hasiera batean egoeragatik merezi duen oihartzuna ezin eman izana. Baldintzak hobetzen badira Euskal Herri osotik etorri ahalko dira bisitariak, baina momentuz, bergararrek eta inguruko herrietakoek izango dute erakusketaz gozatzeko aukera. Dena den, beste bitarteko batzuen bidez zabalpena ematen", azaldu du Artolak.
Heriotzarako erromatar ohiturak Soriako Tierras Altas eskualdean. Euskararen aztarnak antzinako epigrafian erakusketa abenduaren 20ra arte egongo da ikusgai.