Gure Eskuren 'Altxa!' ekitaldi politikoa, zapatuan

Hasier Larrea 2020ko urr. 29a, 16:24

Internet bidez eta hainbat herritan antolatu dituzten proiekzioetan ikusi ahalko da; proiekzioa 18:00etan hasiko eta www.hamaikagara.eus webgunearen bitartez jarraitu ahalko da. Sustatzaileek, nazioarteko erreferentziazko pertsonek eta hainbat kulturgilek parte hartuko dute ekitaldian. 

Horien artean daude, adibidez, Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak eta Eñaut Elorrieta, Ruben Caballero eta Dupla taldeko musikariek. Ikuslerik gabe grabatuko dute, Plateruena Kafe Antzokian, eta www.hamaikagara.eus webgunean egongo da ikusgai. Sarrera larunbatean eskuratu ahalko da, webgunean bertan, hiru euroren truke. Internet bidezko eskaintzaz gain, hainbat herritan proiekzioak antolatu dituzte, segurtasun neurriak zorrotz betez. 

40 minutu inguruko ikuskizun batekin hasiko da saioa. Azken hamarkadetan zehar bidaia bat proposatzen du Gotzon Barandiaran gidoilariak, euskaldunon erreferente kulturalak ardatz hartuta: "Gure herria etengabe egon izan da mugimenduan; behin eta berriz asmatu eta berrasmatu dugu nola egin aurrera".

Amancay Gaztañaga zuzendariak azaldu duenez, transmititu nahi izan dute herri gisa "nondik gatozen, nora goazen, bide horretan zer ebaki behar izan dugun, eta nola eraiki genezakeen etorkizun berri bat atzean utzitakoa galdu gabe". Gaztañagak azpimarratu du ikuskizuna espresuki Altxa! ekitaldirako sortu dutela, ikusleek streaming bidez jarraituko dutela aintzat hartuz. 
Ikuskizunaren ondoren, Hamaika Gararen sustatzaileek hitzartze politiko bateratu bat egingo dute, hainbat ahotsetara, ekimena batzen ari den herritar eta eragileen aniztasuna ordezkatuz.

Ekimenaren helburuak zehaztu eta gizarteari erronka botako diote. Gainera, nazioarteko erreferentziazko pertsonen mezuak ere ikusi ahalko dira. Saioa borobiltzeko, Dupla musika taldeak duela bi aste estreinatu eta milaka ikustaldi izan dituen Hamaika Gara abesta eskainiko du.

"Altxatzeko unea"

Gure Eskuren iritziz, "osasun krisiaren ondorioz bizi dugun egoera latzaren aurrean, herritarrok ezin gara etsipenean erori, ezin dugu zer gertatuko zain geratu; altxa egin behar gara. Orain, inoiz baino gehiago, komunitatearen indarrean sinetsi behar dugu, elkarri eskua eman behar diogu eta eskubide eta askatasun kolektiboak babestu eta zabaltzearen alde ekin".

Altxa! ekitaldiaren bidez, "herritarrak aktibatu eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketari bultzada handi bat emateko" asmoa dute Hamaika Gararen sustatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak