Debagoieneko Ospitaleko langileak ere deialdira batu dira, eta bi agerraldi egin dituzte gaur, hilak 28, 11:00etan eta 13:00etan. Sindikatuek ohar bateratuan azaldu dutenez, "inoiz baino beharrezkoagoa" da eskubidedun eta kalitatezko osasun-sistema publikoa defendatzea: "Eskaerak argiak dira: osasun publikorako aurrekontua handitzea eta murrizketekin amaitzea, pribatizazioarekin amaitzea eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea".
Dena den, argitu nahi izan dute ospitaleetan bizi duten egoera ez dela "berria", eta pandemiaren aurretik ere premiak zituztela: "Izurriteak argiago utzi du osasun publikoan murrizketak egitea herritarren osasuna eta bizitza arriskuan jartzea dela". Horri lotuta, adierazi nahi izan dute badakitela egoera "delikatua" dela, baina "arduraz" jokatuko dutela. "Premiazko neurriak behar ditugu eta berehala behar ditugu, gizarte osoaren onerako", gehitu dute.