Publikoak botoa emateko aukera izango du TOKIKOM Sarien 2020ko edizioan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko urr. 28a, 08:18

TOKIKOM Sariak 2019.

TOKIKOM Sariak emango ditu bosgarren urtez jarraian TOKIKOMek, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lana aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Sariok TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Osasun egoera asko baldintzatzen ari da komunikabideen jarduna, baita sari hauen antolaketa ere. TOKIKOMek egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, egoera berrira moldatu eta haren helburuari ahalik eta ondoen eutsi ahal izateko.

TOKIKOMetik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko

Urtero  bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

Komunitatearen saria

Berrikuntza gisa, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren boto gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz. 

Bederatzi lan finalistak zeintzuk diren, TOKIKOMen zein bere sareko komunikabideen webguneetan ikus daiteke. Hautagaien artean Puntua aldizkariko Suizidio azala dago. Epaimahaiak nabarmendu du nola "oso elementu gutxirekin eta era egokian konbinatuz, asko transmititzen eta iradokitzen" duen azala sortzea lortu den. "Ideia ona izateaz gain, exekuzioa ere bikaina da, eta emaitza oso dotorea, bolumenen konposizio orekatuarekin, eta soiltasuna erabiliz dramatismoa gehitzeko".

Bederatzi finalisten artean aukeratu eta botoa emateko azken eguna azaroaren 8a izango da.

TOKIKOMetik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. TOKIKOMeko Komunikazio Arduradunak, Joxe Rojasek, azaldu duenez, “alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin”.

Ezohiko sari banaketa

TOKIKOM Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalean, aurreko edizioaren irabazlearen herrian izaten da sariketa, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta. Sari banaketaren inguruko xehetasunak egun gutxi barru jakinaraziko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak