Formigalen beti pasatzen da zerbait. 2016an pasa zen, Contador-ek Froome kiskali zuenean. Atzo ez zen hainbesterako izan, baina Roglicek arrakalak dituela, edo izan ditzakeela ikusi zen. Bada zerbait, Vueltak esloveniarraren monologo zozoa izateko itxura zeukalako. Izan daiteke, oraindik, inork ez baitaki atzo Roglicek Cotefablon behera izan zuen ezina kontu puntuala den, edo serioagoa den. Azkar jakingo da. Itxuraz, bihar, Urduña mendate pikoan gora ez luke oilarren arteko diferentziarik egon behar, baina Carapaz lider berriaren INEOS-ek inork ez dauzkan begiak ditu aurkarien mugak usaintzeko, eta akaso saiatuko dira lasterketa hausten. Errazagoa izango dute, itxuraz, etzi, Moncalvillo mendatean, Errioxan: 9 kilometro, eta %9ko batez besteko malda. Mendate bakarreko etapetan, ordea, ondo moldatu izan da Roglic, baina zalantzaren atea ireki zuen atzo, eta kontuz.
Ostegun eta ostiralean etapa lasaiagoak korrituko dira. Gaztelako lautada zabalean haizea izan liteke aurkari gaizto, Aguilar de Campoora bidean, ea ostegunean Suances-en bukatuko da etapa, Kantabrian, ailegaera bihurriarekin. Asteburuan korrituko dira Asturiasko bi etapak, eta horietan zirt edo zart egin beharko dute INEOS, Israel eta Movistar taldeek, Roglic zigortu nahi badute. Azken asteko lehen egunean 33.7 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Ezaro behatoki ezagunean, eta egun horretan esloveniar hegalariak bi minutuko aldea ken diezaieke aurkari zuzenei, gutxienez. Asturiasko bi etapak gogorrak dira, Vueltako gogorrenak. Larunbatean La Farrapona gainean bukatuko da etapa, lehen mallako mendarea, eta aurrez kategoria bereko beste hiru gain igo beharko ditu tropelak: Colladona, Cobertoria eta San Lorenzo. Igandean Angliru entzutetsua igoko da, maila berezikoa. Aurrez lehen mailako beste bi mendate: La Mozqueta eta Cordal. Gaurko eguraldi prebisioak dioenez, etzitik aurrera ez da euririk espero igandera bitarte. Roglicen onerako ote?
Sailkapen nagusia:
1 | RICHARD CARAPAZ | INEOS GRENADIERS | 24h 34' 39 | ||||
2 | HUGH JOHN CARTHY | EF PRO CYCLING | 18ra | ||||
3 | DANIEL MARTIN | ISRAEL START-UP NATION | 18ra | ||||
4 | PRIMOŽ ROGLIC | TEAM JUMBO - VISMA | 22ra | ||||
5 | ENRIC MAS | MOVISTAR TEAM | 1.07ra | ||||
6 | FELIX GROSSSCHARTNER | BORA - HANSGROHE | 1.30era | ||||
7 | MARC SOLER | MOVISTAR TEAM | 1.42ra | ||||
8 | JHOAN ESTEBAN CHAVES | MITCHELTON - SCOTT | 2.02ra | ||||
9 | DAVID DE LA CRUZ | UAE TEAM EMIRATES | 2.46ra | ||||
10 | ALEJANDRO VALVERDE | MOVISTAR TEAM | 3.00ra |