Hasi dira liga ofizialean lehenengo partiduak bertan behera uzten

Xabi Urzelai 2020ko urr. 23a, 13:05
MUko jokalariak, Euskal Kopako partidu baten ostean.

Azken orduko berria da Gipuzkoako Futbol Federazioak bertan behera utzi dituela hurrengo bi jardunaldiak "pertsonen osasuna babesteko eta zuhurtzia irizpideak jarraituz". Era berean, lagunartekoak debekatu egin ditu. Bestalde, MUk, EBA mailan, ezingo du asteburuan Zarautzen kontra jokatu, eta UDAk hiru talde ditu konfinatuta.

Zaila da birusa saihestea, eta kirola ez dago gizartetik isolatuta. Liga txapelketa ofizialak hasi dituzten honetan, egunotan izan den positibo kopuruak eragin zuzena izan du, eta horrekin bizi beharko dutela garbi du UDAko presidente Agurtzane Elkorok: "Ez dago besterik, eta guk klubean argi dugu: kontzientziazioa, kontzientziazioa eta kontzientziazioa. Horretan dihardugu lanean; maila txikietan hamar laguneko taldetxoak sortu ditugu, entrenatzaile guztiei musukoak eman dizkiegu, prebentzio neurrietan klubak inbertsioa egin du, eta, horrekin batera, astero-astero gabiltza jokalariendako eta entrenatzaileendako berbaldiak antolatzen. Baina garbi daukagu honi aurre egiteko denok egin behar ditugula gauzak ondo, nahikoa delako deskuidu bat aurretik egindako lana pikutara bidaltzeko".

UDAk abuztutik hona egindako lan onak emaitzak eman ditu, ez dute arazorik izan orain arte, nahiz eta asko izan diren PCR proben emaitzen zain egon behar izan duten kirolariak. Zoritxarrez, baina, hasi dira lehenengo positiboak azaltzen, klub barruan bertan, edo kontrario batek positibo eman duelako. Eta horrek ekarri ditu konfinamenduak.

MUk atsedena izango du

Hain zuzen, egoera horretan dago Mondragon Unibertsitatea. EBA mailako taldeak Zarautzen kontra jokatu behar zuen asteburuan: "Baina astelehenean bertan deitu ziguten esanez euren taldekide batek positibo eman duela, eta ezingo dugula partidua jokatu", dio taldeko entrenatzaile Iñaki Ogara Arri -k. Hain zuzen, eurak dira profesionalismotik gertuen daudenak, nahiz eta horrek abantailak beharrean desabantailak ekartzen dizkien: "Kategoria honetan astero egin behar digute PCR proba. Federazioak esan digu lehenengo hiru testak eurek ordainduko dituztela eta ondoren guk egin behar diogula aurre gastu horri. Eta Ointxe!-k ez du horretarako baliabiderik, beste talde askori gertatzen zaion moduan. Bada, joan den astean gurean ez zen medikurik azaldu, eta korrika batean joan behar izan genuen ostiralean talde osoak Gasteizera. 20 minutuan eman zizkiguten emaitzak; asteburuan bertan jokatu ahal izateko denek eman behar dugu negatibo, eta dokumentu hori Federazioan aurkeztu behar da jardunaldia jokatu aurretik. Lan administratiboa ere zaildu egin da. Garbi dago, baina, ezin garela astero horrela ibili; bereziki, Gasteizera joaten ibiltzea testak egiteko".

Hori alboratuta, entrenatzaile gasteiztarrak dio mentalki taldea prest dagoela birusak berak sortuko dizkien buruhausteei aurre egiteko: "Posible da asteburu batean bi norgehiagoka jokatu behar izatea; esaterako, zapatuan Santanderrera joan behar izatea eta domekan atzeratutako partidua jokatzea. Eta posible da momenturen batean jokalariak bakartu behar izatea. Jokalariak, baina, mentalki horretarako prest ikusten ditut".

Eskubaloian, bi astetik behin

Birusak eragin ditzakeen buruhausteei aurre hobeto egiteko, eskubaloian, Euskadiko Txapelketan diharduten Ford Mugarri Arrasatek eta Fagor Industrialek bi astean behin jokatuko dute. "Horrela, talde batek konfinatzeko beharra baldin badauka, denbora izan dezake hurrengo jardunaldirako errekuperatzeko. Multzoak txikitu egin dituzte, talde gutxiago gara, eta pentsatzekoa da kontrol handiagoa egongo dela", dio Josu Herrero kapitainak.

Bai arrasatearrek eta baita oñatiarrek ere galdu egin zuten joan den astean, eta bi taldeek jokatu zuten Bilbon: "Nahiko arraroa izan zen dena, egia esan. Aurretik beste partidu bat egon zen eta denak kiroldegitik irten arte ez ginen gu sartu. Ondoren, aldagelatara lau laguneko taldeetan sartu behar izan genuen... Beno, egoera berria da eta egokitu egin beharko dugu".

Hala, arrasatearrek datozen bi asteetan atsedena izango dute: "Datorren asteburuko atsedenaldia talde guztiendako izango da, baina hurrengoan ere guk ez dugu partidurik jokatuko. Liga hasi baino egun gutxi batzuk lehenago, Legazpiko klubak erabaki zuen atzera egitea, aurten liga txapelketarik ez jokatzea. Bigarren sailkatu eta gero lortu zuten mailaz igotzea, baina baldintza hauetan ez jokatzea erabaki dute. Eta guk ere argi dugu, entrenatzaileak berak gogorarazi zigun joan den astean, sintomaren bat duena gera dadila etxean, ez dadila 15 egunean Iturripera gerturatu".

Eskoriatzan, oraingoz, ondo

Eskoriatzan areto futbolekoek oraindik ez dute liga txapelketa hasi. "Baina aurreko astean Tolosaren kontra lagunarteko bat jokatzekoak ginen eta euretako batek positibo eman zuelako bertan behera utzi genuen partidua. Halako egoeretara ohitzen joan beharko dugu, baina gazteei kirola egitea bermatu behar diegu, gure eskuetan dauden gauza guztiak zainduta. Saskibaloian, esaterako, neskak hasi dira, eta, oraingoz, ez da arazorik egon", adierazi du Javi Corvalek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak