Euskaltzaleen Topaguneak, herriz herri berreskuratzen hasiak ziren Gau Beltza edo Arimen Gauaren zabalpenerako proiektua abiatu zuen iaz. "Urriaren 31ko gauaren bueltan egiten den ospakizun honek gure lurrarekin duen lotura ezagutarazi eta komunitate osoarentzako jai berri bat sortzeko lanean ekarpena egitea da gure helburua", diote.
2020a "berezi" izaten dabilen arren, aurtengoan eta datozen udazkenetan ere jaia Euskal Herri osoan, herriz-herri zabaltzeko proposamena egin gura diete herritarrei. Horretarako, iaztik sortuta dauden baliabideez gain, berriak sortu eta guztien eskuragarri jarri ditugu jadanik, www.gaubeltza.eus webgunean. Hauek dira:
Baliabide berri hauek aukera ematen dute kalean ez ezik, talde txikietan eta etxeetan ere Gau Beltza ospatzeko, topaguneak dioenez: "adibidez, kalabazak jarri daitezke balkoietan eta grabaketa bat egin dugu, kalabaza nola prestatu azaltzen duena". Gau Beltza zer den, nondik datorren, herrietan zer egiten duten deskribatzen duen dokumental laburra ere badago eskura eta beldurrezko kondaira baten kontaketa ere bai: herrian, familian, lagun artean moldatu daitekeena izaera propioa emanez. Hemen bost gakoak:
- Dokumental laburra
- Kalabazak hustutzeko tailerra (erakusten da nola prestatu kalabazak)
- Makilaje tailerra (erakusten da nola makillatu Gau Beltzerako)
- Gau Beltzaren kondairaren kontaketa eta gakoak tokian tokikora ekartzeko;
kondairari herri/auzoko izaera emateko. - Katalogo beldurgarria (beldurrezko filmak, liburuak, antzerkiak...)
Iaz piztutako kalabazak biderkatu guran
Topagunearen esanetan, iaz bikoiztu egin zen Gau Beltza antolatzen duen herri kopurua eta aurten biderkatu egin nahi dituzte iaz piztutako kalabazak. "Egoera aldrebes honetara moldatuta ospatu daiteke Gau Beltza; herri, auzo, familia, lagun talde, bizilagunen artean piztu dezakegu Arimen gaua eta iluntasuna bizi".
Horregatik, baliabide berriekin batera, gonbidapena ere zabaldu nahi dituzte lau haizetara, "Gau Beltza ospatu dezagun, elkar zirikatuz eta elkar zainduz".