'Gipuzkoa: Denon Joko Zelaia' plataformak uko egin dio jokalarien estamentuko bozketara joateri

Xabier Urtzelai 2020ko urr. 19a, 18:47

Adrian Merino da 'Gipuzkoa: Denon Joko Zelaia' plataformak presidente izateko duen hautagaia.

Gipuzkoako futbol federazioko hauteskundeak azaroaren 23an egingo dituzte, baina etzi, eguaztena, egingo dute jokalarien estamentuko bozketa. Hala, Gipuzkoa: Denon Joko Zelaia plataformak uko egin dio jokalarien estamentuko bozketara joateri. Horrekin batera, plataformak aurkeztu du entrenatzaile zerrenda: 

Hona hemen Gipuzkoa: Denon Joko Zelaia plataformatik helarazi duten prentsa oharra: 

"Pasa den urriaren 1ean, osteguna, Hauteskunde Batzordeak (hauteskunde prozesua sustatzeaz eta Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeen garapen zuzena bermatzeaz arduratzen den organoak), 2020-2024 aldirako Lehendakaritzarako eta Zuzendaritza Batzordeko kide izateko hauteskundeetara aurkezten diren ordezkariak bildu zituen. Bilera horretan, hauteskunde prozesuaren gaineko hainbat gogoeta egin ziren, batez ere 7.000 boto-emaile baino gehiago biltzen dituen jokalarien estamentuak botoa ematearekin lotutakoak. Bizi dugun egoeran, mundua alertan jarri duen COVID-19ak eragindako pandemiaren erdian, federazioko egoitzara bozka ematera joatea aurreikusten diren milaka kirolari gipuzkoarren osasuna arriskuan jarri gabe bozketa hau ezin dela burutu uste dugu. Zoritxarrez, Diaz jaunaren hautagaitzako kideek ez zuten jokalarien parte hartze masiboa saihestuko zuen beste alternatibarik aztertu nahi izan. Estamentu desberdinetarako hauteskundeak egin baino egun batzuk lehenago, Diaz jaunak jendaurrean jasanezina eta bideragarria ez den proposamena egin du, 'areto  futboleko eta jokalari, entrenatzaile zein epaileen estamentuetako 32 bozkak partekatzeko' eskainiz.

Diaz jaunak ez daki Areto Futboleko eta epaileen estamentuak independenteak direla eta beraien erabaki propioak hartzen dituztela; beraz, zentzugabekeria da beraien botoak banatzeaz hitz egitea; gainera, dagoeneko azaroaren 23an ospatuko den Batzarreko kide gisa behin betiko izendatu diren hautagaiak ere daudenean. Egoera hain da delikatu eta konplexua, kirolarien osasuna jokoan dagoenean eta hauek direnean gure lanaren eta ahaleginaren azken hartzaileak, aipatutako hautagaitzaren jarrera guztiz desegokia dela.

Horregatik, hausnarketa sakon baten ondoren, Gipuzkoa: Denon Joko Zelaia-k arduraz, gizalegez, koherentziaz eta sen onez, jokalarien estamentuaren bozketari uko egitea erabaki du, bere garrantziaz guztiz jabe izan arren. Momentu zail eta berezi hauetan garrantzitsuena gure kirolarien osasuna bermatzea dela uste dugu. Hauen osasuna ez dugu inoiz arriskuan jarriko boto gehiago edo gutxiago lortzeko, nahiz eta azken zenbaketan erabakigarriak izan daitezkeen".

Aurkeztu dute entrenatzaileen zerrenda:

Horrekin batera, Adrian Merinoren plataformak aurkeztu du entrenatzaileen zerrenda. Hauek dira:

1.- Jose Luis Chacartegui Marin 
2.- Unai Santos Jauregi 
3.- Hugo Sanchez 
4.- Edorta Fernandez Etxepeteleku
5.- Pablo de Torres Hermo
6.- Ander Romero Ruiz
7.- Alain Guerecaechevarria Lazcano
8.- Haritz Azurmendi Saez
9.- Jose Luis Zaldua Aierbe
10.- Jokin Aranbarri Arrizabalaga

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak