Gaur, urriak 17, abiatuko da aurtengo kanpaina, eta hilaren 25era arte egongo da abian. Denbora horretan, ohiko martxa larrosa egin beharrean, 25.000 km gainditu nahi dira online. Horretarako, parte-hartzaileek webgunean eman beharko dute izena, eta bakoitzak bost km egitea da asmoa. Batutako dirua Biodonostiari emango zaio ikerketara bideratzeko. Bestetik, urriaren 19an, bularreko minbiziaren inguruko jardunaldia egingo dute, 18:00etan, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da helbide honetan.
Ia 600 kasu diagnostikatu zituzten iaz
Foru Aldundiak lagunduta, 1995ean Osakidetzak abiatu zuen programak 2.742.181 zitazio baino gehiago eta 2.193.076 mamografia egin ditu, eta 10.392 minbizi hautematea ahalbidetu du, horietako gehienak aldi goiztiarretan. Azaldu dutenez, "urrats handia" da: "Ehunekoa urtez urte hazten ari da, eta hori urrats handia da. Iaz, baheketa-programaren bidez 598 tumore berri hauteman ziren".