'Tabloi' giroan, Keldermann-ek eta Sunweb-ek eman dute kolpea

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko urr. 18a, 18:14

Tao Geoghegan Hart ingelesak irabazi du Piancavallon, eta Sunweb-ek oilategia txikitu du; Almeidak maglia arrosari eutsi dio, eta beste guztiak nahi eta ezin aritu dira

Pozzovivo eta NTT-ren zain, Sunweb-ek eta Keldermannek hartu dute Giroko aginte-makila. Tabloi edo txakalaldien giroa izan zitekeela sumatzen zen, eta hala izan bide da azken aste menditsuan, Piancavalloko ailegaeran ikusitakoaren arabera. Izan ere, nahikoa izan da 14 kilometroko aldapa bat eta talde bakar baten erritmo gogorra, oilar ia guztiak atzean geratu eta denbora galtzeko. Egia da ez dutela mundurik galdu, eta sailkapen nagusian hiruzpalau minutuan ziklista asko daudela oraindik, baina itxura gaurko helmugako atzerapenak broma bat izan daitezkeela asteazkenean, Madonna di Campiglion, eta batez ere ostegunean, Stelvio igoko den egunean. Etapa bi horiek korrituko direla ziurtzat jotzen baita, eguraldia lagun. Bestelako kontua izango da biharko bigarren atsedenak etzi uzten duen arrastoa, PCR analisien emaitzak gogoan.

Sunweb-eko Nico Dentz-ek jazarpen lan handia egin du kilometro askotan tropela deseroso eramateko, eta Piancavallon, Astanako Fabio Fellinek egindako kilometro pare bat izan ezik, Sunweb-eko Jai Hindley triskantza eragin du. Dinbi-danba, pedalak astindu, eta ahal duenak jarrai nazala esan, eta egurra. Errosarioa izan da: Pozzovivo geratu da aurrena, Pello Bilbao ondoren. Atzetik Nibali, Makja... eta Almeida liderra bera, helmugatik zazpi kilometrora. Txalogarria portugaldarrak maglia arrosari eusteki egin duen ahalegin itzela, Keldermann-en gurpila galdu duenean hari jarraitzeko asmoz itsutu egin bada ere apur bat. Hinley, Keldermann eta Tao Geghegan Hart geratu dira buruan, eta zuloa handitzen joan kilometroz kilometro. Helmugan INEOS taldeko ingelesa nagusitu da aise, eta bere kirol ibilbideko garaipen garrantzitsuena lortu. INEOS-en bosgarren etapa garaipena da Giroan. Hamabostetik bost... Sunweb, aldiz, esku hutsik geratu da, baina hazia erein du, eta Dolomitek eta Alpeek zer erabakiko duten jakin aurretik, eurena dirudi Giroaren jabetza. Baina erne. Gaur ezinean ibili dena hobexeago ibil daiteke etzi. Atzo erlojupekoa korritu zen, fisikoki muga-mugan zeuden ziklista asko, eta gaur ikusitakoaren oso bestelako etapa ikus dezakegu Madonnan eta Stelvion. 

Sailkapen nagusiak ematen du horren azalpen sinesgarria. Almeidak eusten dio aldarean, baina Keldermann 15 segundo eskasera du, dagoeneko. Hindley Keldermmann-en taldekidea da podiumeko hirugarren koskako jabea, 2.56era, baina Sunweb-ek australiar gaztearekin ze rol jokatu nahi duen ikusi beharko da, berarekin podiuma lortzeko erronka, edota Keldermann-en morroi izatearekin koforme diren. Laugarren postutik 10.era 1.15eko tartea baino ez dago, eta multzo horretan zeresana eman nahiko duen ilustre asko dago: Pello Bilbao, Majka, Nibali, Pozzovivo, Konrad... Gauzak garbi esateko: gaurko Top 10a eta ostegun arratsean ikus dezakeguna erabat ezberdina izan daitekeela, Keldermann eta Almeidaren kasuan izan ezik. Baina horiek ere ez dira ukiiezinak.

Giroak bihar bigarren atseden eguna hartuko du, eta PCR analisi masiboak egingo dira. Asteartean jakinaraziko dira emaitzak, eta orduan jakingo da ziurtasunez Giroak Milanerainoko bidea osatu ahal izango duen edo ez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak