Kontrarioari irabazi eta birusa saihestu, hastera doan ligako erronkak

Xabier Urtzelai 2020ko urr. 16a, 18:00
Bergarak domekan du Urkoren kontrako hitzordua, nahiz eta Eibarko taldeko jokalari batzuk konfinatuta dauden.

Oraingo asteburuan hasiko dituzte Gipuzkoako txapelketako kategorietako ligak. Leintz Arizmendiko neskek, berriz, Euskal Ligan dihardute eta urriaren 31n hasiko dira. Hasteko gogoz daude, eta, aldi berean, ziurgabetasuna dute denek.

Hastera doa futbola, eta ikusteko dago zenbat iraungo duen. Egunerokoak erakusten du jardunaldiek aurrera egin ahala positiboak han eta hemen egongo direla, eta ez bereziki futbolean kutsatzeak egon direlako. Bergarak nahiko denboraldiaurre txukuna egin du, Mondrak bi talde nagusiak izan zituen hamar egunez konfinatuta jokalarietako batek positibo eman zuelako, eta halaxe egon dira Aloña Mendiko jokalariak ere. "Ondokoa egoera horretan ikusten duzunean edo zuri tokatzen zaizunean, ez duzu modu berean bizitzen. Ez da izan egoera samurra", dio Endika Ruizek.

UDAko hamabost bat jokalarik denboraldi-aurrean zehar bizpahiru eguneko itxialdiak egin behar izan dituzte gertukoren batek positibo eman duelako, eta ondoren egindako PCR proba guztiek negatibo eman dute. Orain momentuan, Eibarko Urko taldeko zenbait jokalari konfinatuta daude, eta, hain zuzen, talde horren kontra jokatu behar du domekan Bergarak –16:30, Agorrosin–: "Oraingoz, dakiguna da domekan partidua jokatzeko moduan egongo direla, goiko taldearekin, Vitoria taldearekin entrenatu direnak bakarrik daudelako konfinatuta, ez talde osoa", dio talde mahoneroko entrenatzaile Jose Javier Barkerok.

Hain zuzen, birusak eraginda hartu duten erabakietako bat izan da Ohorezko Erregionala bi multzotan banatzea, eta lau talde debagoiendarrak multzo berean sartu dituzte. "Derbiek beste saltsa bat izaten dute, eta alde horretatik polita izango da", dio Mondrako entrenatzaile Asier Olaizolak. UDAko entrenatzaile Mikel Larburuk garbi dauka eurak ez direla profesionalak, eta jokalariek kezka adierazi dute futbolaren bueltako konfinamenduek ikasketetan edo lan jardunean izan dezaketen eraginagatik: "Talde guztietan kudeatu beharko dugun kontua da hori". Hala, UDAk Mutriku hartuko du domekan Ibarran (16:30) eta Aloña Mendik Elgoibarren jokatuko du domekan (17:00). Azkenik, Mondrako jokalariek atsedena izango dute.

Ohorezko erregional mailako entrenatzaileek esana: 

Goitik hasita, Bergarako entrenatzaile Jose Javier Barkero, UDAko Mikel Larburu, Mondrako Asier Olaizola eta Aloña Mendiko Endika Ruiz. 

Jose Javier Barkero (Bergara): "Ilusioarekin gaude, eta iazkoa hobetzea da helburua, iaz beheko postuetan ibili ginen eta. Denboraldi-aurre ona egin dugu, eta inork ez du minik hartu, baina egia da birusa dela-eta adi-adi ibili beharko dugula denok".

Mikel Larburu (UDA): "Urte berezia izan behar da eta ziurgabetasun handia dago. Nahiko denboraldi-aurre txukuna egin dugu, baina birusak erabat baldintzatu dezake denboraldia. Sikiera, erabil dezagun futbola egunerokotik ihes egiteko".

Asier Olaizola (Mondra): "Denboraldi-aurre gorabeheratsua izan da, konfinatuta ere egon gara... Eta liga hasiera arraroa izango da hau. Multzoan bederatzi taldetatik lau bailarakoak gara, eta horrek bizitasuna emango dio lehen faseari".

Endika Ruiz (Aloña Mendi): "Pazientzia handia izan beharko dugu. Birusagatik konfinatuta egon behar izan dugu jada, eta galdera asko egiten dizkiozu buruari. Hori ondo kudeatzen duenak, momentu gogorretan aurrera egiten duen taldeak asko izango du irabazita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak