2022ra atzeratu dute datorren urteko martxoan egitekoa zen Korrikaren 22. aldia

Jone Olabarria 2020ko urr. 16a, 12:04

COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz ez da Korrikarik izango 2021. urteko martxoan. Hogeitabigarren aldia behar zuena urtebete atzeratzea erabaki du AEK-ek eta "zuhurtziaz" jokatzeko unea dela azaldu dute. Hala ere, martxan dagoen Euskaraldian parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

2021. urteko Korrikaren xehetasunak aurkezteko prentsaurrekoa behar zuenean jakinarazi dute erabakia, Donostiako San Telmo museoan. "Pandemiaren transmisioa ahalik eta gehien kontrolatzeko" asmoz hartutako erabakia dela azaldu dute Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikako arduradunak. Erabaki "latza" izan dela aitortu dute: "Euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugu orain izango, eta badakigu euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu".

"Baldintza aproposetan" egin guran

Asier Amondok aitortu duenez, erabakia duela 15 egun hartu zuen antolakuntzak, izan ere egoera ikusita Korrika ohiko moduan antolatzea "ezinezkoa" da: "Desiratzen dugun baldintzetan egin nahi dugu, une honetan ez baitugu Korrikaren ordezko eskas bat nahi". Dena ondo bidean 2022ko udaberrian egingo dutela azaldu du Amondok: "Denbora gehiago hartu nahi dugu, normalitate berria nondik nora joango den ikusteko, etorkizuna hobeki ezagutzeko, eta denok desiratzen dugun Korrikara iritsiko gara, 2022. urteko udaberrian"

Euskaraldira batzeko deia

AEK-etik unea baliatu nahi izan dute herritarrak martxan den Euskaraldiaren bigarren aldian parte hartzera animatzeko: "Belarriprest edo Ahobizi izan gaitezen animatu nahi dugu Korrikazale oro".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak