Gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua Osakidetzak emango du aurten

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 13a, 07:56

Gaur, urriak 13, jarri da abian gripearen aurkako txertaketa-kanpaina orokorra honako leloarekin: Aurten, inoiz baino gehiago, gripetik aldendu!. COVID19-aren ondorioz, segurtasun-neurri zorrotzagoak hartuko dituztela iragarri dute eta, horregatik, Osakidetzak berak emango die hitzordua txertoa hartu behar dutenei.

Aurreko urteetan legez arrisku-taldeetakoak daude deituta txertoa hartzera:  65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenak eta haurdun dauden emakumeak. "Kanpainaren helburua da arrisku-talde horietako pertsona bakoitzaren osasuna babestea, bai eta osasun kolektiboa ere", adierazi dute Osasun Sailetik.

Txertaketa-denboraldia hiru fasetan

Aurten, baina, koronabirusaren ondorioz,  profesionalen eta herritarren segurtasuna babeste aldera txertaketa-denboraldia hiru fasetan antolatu dute:

  • Lehen fasean (urriaren 5ean hasita), egoitzetako pertsonei eta osasun arloko profesionalei eman diete txertoa;
  • Bigarren fasean (urriaren 13tik aurrera), Osakidetzak emandako hitzorduen bidez, arrisku-taldeetako pertsonen txertaketa bermatuko da; eta,
  • Hirugarren fasean (urriaren 31n hasita) txertoa hartu gura duten gainerako herritarrek hitzordua eskatu ahalko dute dagokien osasun-zentroan eta txertoa jasoko dute data horretatik aurrera. 

Gune ezberdinetan

Txertaketak segurtasunez egiteko Osakidetzak leku bereziak antolatzea erabaki du. Guztira 300 gune inguru daude, eta, aurten, nobedadea da gune horietako herena Osakidetzako saretik kanpoko lekuetan jarri izana.

Debagoienean, txertoa osasun zentro bakoitzean jarriko dute, Aretxabaletan eta Bergaran izan ezik. Bi horietan zaharren egoitzetan finkatu dute txertaketa gunea. Bergararen kasuan, Osintxun eta Labegaraietan ere egingo dituzte txertaketak; urriaren 26an izango da hori.

Arrasateri dagokionez, osasun etxean izango du txertaketa puntua, hala ere, talde auzo bakoitzeko zaharren egoitzetan ere jarriko dituzte txertoak;  

  • Urriaren 15ean, San Andresen (Etxaluze eraikina).
  • Urriaren 16an, Santa Marinan.
  • Urriaren 19an, Musakolan.
  • Urriaren 20an, Uribarrin.

Debagoineko OSItik lasai egoteko eskatu diete herritarrei eta txanda jaso arte itxaron dezatela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak