Berdintasunerako III. Foru Plana aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Uxue Igarza Loiola 2020ko urr. 9a, 13:39

Alor ekonomikoan emakumeen eta gizonen "aukera berdintasuna" bermatu behar dela adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak. Hala, lau ildori jarraituz, hainbat ekintza abiaraziko dituela azaldu du emakumeen "autonomia ekonomikoa" eta "kalitatezko enplegua" bultzatzeko.

Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariak esan du III. Berdintasun Planak Aldundiko zuzendaritza guztien "partaidetza" izan duela, eta baita eragile sozialena ere. Azaldu duenez, 358 ekarpen jaso ditu Berdintasuneko organoak, eta horiek oinarri hartuta plangintza "ordenatua eta zintzoa" egin nahi izan dutela esan du, datozen lau urteetarako.

Lau esku-hartze ildo zehaztu dituzte eta planak hamasei helburu estrategiko eta 122 ekintza zehatz jasotzen dituela adierazi dute. Gobernuari dagokionez, besteak beste, berdintasun politikak "zeharkakoak" izatea nahi dute Diputazio osoan, eta baita foru erakundeko langileen artean berdintasunaren arloko prestakuntza zabaltzea ere. Beste ildo bat emakumeen ahalduntze "soziala eta kolektiboa" sustatzean datza: "Beharrezkotzat jo dugu neurriak aktibatzea emakumeek eta feminismoak Gipuzkoa ereduaren garapenean egiten duten ekarpena aitortzeko. Horretarako, bizi-ibilbideak eta ibilbide profesionalak aztertuko dira".

Bukatzeko, berdintasun zuzendariak nabarmendu du beharrezkoa dela genero-desberdintasunen oinarrian dauden balioak "zalantzan jartzea": "Horretarako, ikerketa sustatuko da, sentsibilizazio-, prebentzio- eta prestakuntza-ekintzei eutsiko zaie, eta etengabeko hobekuntza eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatuko dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak