Oraindik ordezkatu ez diren Abiaturen 21.500 gailuk funtzionatzeari utziko diote datozen hilabeteetan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko urr. 8a, 13:11

Gipuzkoako Foru Aldunditik gogorarazi dutenez, 2015ean igorritako 21.500 gailuk erabilgarri izateari utziko diote abendutik 2021eko martxora bitartean. Bidegi foru elkarteak otsailaren amaieran martxan jarri zuen Abiatu dispositiboen aldaketa, eta dagoeneko erabiltzaileen %67ak egin du eguneraketa, 47.400 gailu berriztuz.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, "gailuen bizitza erabilgarria 6 urtekoa da; beraz, Abiatu sistemaren onurez gozatzen jarraitu nahi bada, aldatu egin behar dira". Hala, Aldunditik zehaztu dutenez, Bidegik egunotan gutun bat bidaliko die Abiaturen erabiltzaile guztiei, eta, ondoren, gailuaren aldaketa gogorarazteko, mezu elektroniko bat datorren astean. Tramitazioak lau aste ingurukoak direla kontuan izanik, eskaerak azaroaren 30a baino lehen egin beharko direla ere azpimarratu dute.

Dispositiboen aldaketa kanpaina pandemiak bete betean harrapatu du, eta honenbestez eskaeren %91 Bidegiren webgune bidez kudeatu direla zehaztu du Oiarbidek.

Abiatu 2.0

Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu du gailu berriak orain arteko abantaila eta deskontuak mantentzeaz gain, "Frantziako autobide guztietan eta Via T-ra atxikitako aparkaleku galiarretan" erabili ahal izango dela, baina aldaketak ez duela kosturik ekarriko: "Gailua doan jaso ahal izango da Bidegiko bezeroen arretarako bulegoetan, Aritzetan, eta erabiltzaile bakoitzaren etxetik hurbilen dagoen posta-bulegoan. Zuzenean etxean jasotzea erabakitzen bada, euro bat ordaindu beharko da".

Horrez gain, Oiarbidek, gogorarazi du Abiatu gailuaren erabilera nahitaezkoa dela Irungo ordainketa-estazioetan eta Oinaurreko irteera/sarrera berrian, bai eta A-636 errepidean ere, deskargako autobiako bidesaria indarrean sartzen denean.

Abiaturen erabiltzaileen kopuruak gora egin duela ere esan du diputatuak, eta dagoeneko gutxiengoa dira eskudirutan ordaintzen dutenak: "Gaur egun, joan-etorrien %42,18 Abiaturekin ordaintzen da. Beste % 21,46k Via t motako beste gailu batzuk erabiltzen ditu; % 21,46k kreditu-txartelaren bidez ordaintzea aukeratzen du, eta %15ek soilik ordaintzen du eskudirutan". Gainera, zehaztu duenez, Abiaturen erabiltzaileek "26 milioi euro baino gehiago aurreztu dituzte 2019an eta 12,6 milioi euro 2020ko urtarrila eta abuztua bitartean". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak