Adrian Merino Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente izateko hautagaia da

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 2a, 19:06

Adrian Merino.

Gipuzkoa: Denon Joko-Zelaia izena duen taldearen baitan Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente izateko hautagai aurkeztu da Adrian Merino aretxabaletarra. Manu Diaz bergararra buru duen Garai Berriak plataformaren alternatiba izan nahi du azaroaren 23an egingo diren hauteskundeetan.

Adrian Merino 35 urteko aretxabaletarra egungo zuzendaritza batzordeko kide izan da 2011tik, eta orain beste pauso bat eman gura izan du. "Federazioa ondo ezagutzen dut, eta badakit zeintzuk diren ahulguneak eta indarguneak. Benetako aldaketa, gaztetasunetik eta emakumeengandik etorri behar dela uste dut, eta batzuk, kontinuista edo erreformista moduko hitzak erabiltzen dituzte… Berdin zait, katalogatu nazatela gura duten moduan. Gauzak hobetu nahi ditut, denen alde lan egin. Boluntario gisa aritzeko beti egongo naiz prest, eta zerrendan lehenengo joan arren, azkena ere joango nintzatekeen", adierazi du Merinok.

Elkarlanerako prest

Elkarlanerako gertu agertu da: "Gure printzipiotetatik, baloreetatik, eta gure ezagutzatik beste aukera bat planteatzea erabaki dugu. Badago lekua adostasunerako eta elkarlanerako, baina, inposaketa gabe. Futbolean, eta, batez ere boluntario giroetan ez dago inor soberan…".

Esperientzia eta gaztetasuna bateratu dituztela adierazi du Merinok: "Hautagaitza gaztea da gurea, eta, aldi berean, esperientzia berritzaile eta integratzaile handiko kandidatura gara. Aurrean daukagun erronkaz kontziente, anbizio handiko programa bat dugu esku artean. Gipuzkoa: Denon Joko-Zelaia desberdinen arteko adostasunetik sortu da, Gipuzkoa Futbol Federazio hobe baten alde lan egitea duelarik helburu".

Sei ardatz izango ditu Gipuzkoa: Denon Joko-Zelaia taldeak: zelai-jokoa, bultzada, osasuna, formakuntza, integrazioa, eta talde lana. "Hori horrela, guztientzako Gipuzkoako Futbol Federazio bat eraikitzen jarraitu dezan, eta eraiki nahi dugun Gipuzkoa posible egiteko gure ekarpena egin nahi dugu futboletik; hamaika dira horretarako ditugun ideia eta proposamenak", adierazi du hautagaiak.

Zelai-jokoa

Denek tokia izango duten GFF independente eta neutral baten alde lan egin gura du: "Berdinetik berdinera eta berdinen artean. Parte-hartzailea, komunikatzailea eta plurala. Estamentu eta klubetatik sortuko diren planteamenduak garatzeko ateak beti zabalik, Gipuzkoa guztion joko-zelaia izan dadin".

Bultzada

Kirol jardueraren antolaketa eraginkorra sustatu gura dute, baliabideak berrantolatuz, zerbitzuak deslokalizatuz eta tramite administratiboak erraztuz: "Erabiltzaileenganako arreta hobetu egingo dugu, egutegiak eta ordutegiak zabalduz, larrialdietarako telefono bat ezarriko dugu asteburuetarako, eta marketineko sailak diru-sarrera berriak jarriko ditu abian babesletzen eta erosketa zentralizatuen bidez, eta horiek futbolera eta areto futbolera bideratuko dira. Gainera, gure Federazioaren merchandising arloko lerroa aurkeztuko dugu".

Osasuna

Kirola osasuna dela argudiatuz, zera planteatu du: "Ahal duguna egingo dugu gero eta kirolari gehiago eta hobeak izan gaitezen. Egungo eredua garatu egingo dugu, klub guztiek euren eskolak izan ditzaten eta baldintza berberetan lehiatu ahal izan daitezen. Gainera, mutualistari arreta emateko eredua hobetu egingo dugu, dauden estaldura guztiak biltzen dituen gida bat argitaratuz, eta zerbitzuak zabalduz aholkularitza eta laguntza psiko-kirolerako ildoarekin".

Formakuntza

Beraien kideak prestatzen jarraitzea ere sustatuko dutela adierazi dute. "Teknikaririk, epailerik, ordezkaririk eta zuzendaririk onenak ditugu, eta zimenduak sendotzen segiko dugu beraien zerbitzuarekin gailurrera eraman gaitzaten. Harrera planak ezarriko ditugu zuzendaritza berrientzat, eta online bidezko eta neurrira egindako prestakuntza garatu eta eskainiko dugu, aitzakiarik izan ez dezagun".

Integrazioa

Gipuzkoa egituratzeko, klubek arrakastaz ezartzen dituzten eta esportatu eta partekatu behar diren programak zabalduz, dena emango dutela adierazi du. "Federaziotik: drogazaletasuna prebenitzekoak, joko garbiaren aldekoak, sexu-jazarpena prebenitzekoak, etab. Beken programa zabaldu egingo dugu, premia bereziak dituztenak futbolean eta areto-futbolean jokatu gabe gera ez daitezen, eta lurraldeko gainerako erakunde eta eragileekin batera lan egingo dugu, eskuz esku, kirolaren balioak indartzeko. Gainera, estatuko emakumeen parte-hartze indizerik altuenak izatea ez da motibo izango gure esku dagoen guztia ez egiteko erabateko berdintasuna lortzeko eta erreferente izaten jarraitzeko. Euskararen aldeko konpromisoa irmoa da; euskaratik eta euskaraz lan egingo dugu".

Talde lana

Taldeetan lan egitearen alde agertu da: "Lurralde Taldea sortuko dugu, guztiok ahotsa izan dezagun. Taldea lehendakariorde batek lideratuko du eta guztiok konektatuko gaitu. Eta, aldi berean, hartutako konpromiso guztiak betetzen direla zorrotz zainduko du Auditoretza eta Gardentasun Batzordeak. Gainera, aholkularitza juridikorako zerbitzu bat ezarriko dugu, klub guztiei laguntza emateko kontabilitatean, diru laguntzekin, kontratuekin, lege aldaketekin... praktika onen kodeak eta dokumentu ereduak sortuz".

Euskal Selekzioarekin amets egiten dutela esanez, horren alde egingo dutela gaineratu du eta kirolari gazteendako balditza onenen alde agertu da: "Gure neska-mutil guztiek zelai eta kantxetan ahalik eta baldintzarik onenetan gozatzea da gure ametsa. Berdintasuna erdiestea eta inor atzean ez uztea. Guztion jokalekua izango den Gipuzkoa batekin amets egiten dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak