Bi 'start-up' berritan inbertitu du Mondragon Taldeak

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 30a, 10:38

HWS Concrete Towers eta OROI dira bi proiektu berriak. Lehena sektore eolikorako izango da, "garabi autoigokarien soluzio patentatuekin". Bigarrenari dagokionez, adinekoen ongizate eta estimulaziorako izango da, errealitate birtualeko soluzioekin.

Mondragon Taldeak azaldu duenez, HWS Concrete Towers SL (HWS), Donostian dagoen enpresa bat da, "obra zibileko eta sektore eolikoko esperientzia arrakastatsuak uztartzen dituena, energia eolikoaren sektorean soluzio berritzaileak garatzen espezializatuta dagoena".

Bere produktuen artean, hiru nabarmentzen dira: "AirCRANE garabi autoigokaria, gorantz doala hormigoizko dorre bat eraikitzeko gaitasuna duena eta azkenean aerosorgailua muntatzen amaitzen duena; AirTOWER, hormigoizko dorre baten sekzioetarako soluzio patentatua; eta AirBASE, aerosorgailuen zimenduak egiteko soluzio arin, modular, aurrefabrikatua".

Adinekoen egunerokotasuna, "eramangarriago"

Taldeak jakinarazo duenez, egungo testuinguruan, "mundu osoan milioika pertsona heldu egoitzetan bizi dira, mugatuta, eta adinekoen berezko arazoekin (menpekotasuna, mugikortasun falta, antsietatea edo narriadura kognitiboa)". Hori dela eta, profesionalek tresnak behar dituztela azaldu du, "arazo horiei aurre egiteko ez ezik, adinekoen egunerokotasuna eramangarriago bihurtzeko" ere.

"Helburu horrekin sortu zen OROI, errealitate birtualeko esperientziak biltzen dituen plataforma bat, adineko emozioak suspertzera zuzenduta, aukera emanez esperientzia asegarriak bizitzeko, gaur egungo mugengatik dagoeneko ezingo dituzten lekuak bisitatuz –esaterako, ingurune natural ederrak bisitatzea, nazioarteko hiriak bisitatzea, etxaldeak, eta abar–". Halaber, OROIren soluzioek entretenimendua eta adinarekin galtzen diren funtzioak entrenatzera zuzendutako ariketak uztartzen ditu, hala nola memoria, arreta edo hizkuntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak