'Nakuko wa ineega': bizitzari norabidea aurkitzen

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2020ko ira. 26a, 09:00
'Nakuko wa ineega' pelikularen fotograma bat.

Namahage deritzona erritu japoniar bat da. Urteko egun berezi batean, ogro batzuk sartzen dira oihuka etxeetara, han bizi diren haurrak izutu nahian. Gurasoek haurrak babestu beharko dituzte. Horrela, gurasoen eta haurren arteko lokarriak sendotzen dira.

Erritu horren irudiek zabaltzen dute Nakuko wa ineega filma. Gero, ikusten dugu mutil gazte bat ilusio handiz izapide batzuk egiten jaio berri den alabarentzat. Alabaren etorrerak senar-emazteen harremanak sendotu baino gehiago, hautsi egingo ditu. Emazteak ez du egoki ikusten senarrak etxean duen jarrera, heldutasun gutxi adierazten duelako. Gauzek, gainera, txarrera egingo dute Namahage festan izango duen portaeragatik. Emaztea galtzeaz gain, herriko jendeak mespretxatu egingo du.

Tokiora ihes egingo du, eta bi urtean norabiderik gabeko bizimodua izango du. Epe hori pasa ondoren berriz bueltako da herrira, emaztearen eta jendearen barkamena lortu nahian. Lerro hauek irakurrita, pentsa daiteke filmak dramara joko duela, baina ez da guztiz horrela. Pertsonaia jasaten ari den egoeraren tarte dramatikoa galdu barik, komediak izaten duen ukitu arina ere mantentzen da. Komedia dramatikoa dela esan genezake. Ondo nahastuta daude drama eta komedia eta lortutako formulak xarma ematen dio filmari.

Momentu batzuetan filma pertsonaiaren izaera alderraiaz kutsa daiteke, iraupenean zerbait luzatuta, baina, azkenean, istorioa ondo itxita geratzen da. Nahiz eta pertsonaia batzuk beste batzuk baino xelebreagoak izan, zuzendariak esku ona erabiltzen du haiei gizatasuna, sakontasuna eta epeltasuna emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak