SATSE, ELA, LAB, SAE, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egin dute gaurko deialdia. Aurreko astean anbulatorioen aurrean egindako protesten ostean, sindikatuetatik adierazi dute "nekatuta" daudela "ezer konpontzen ez duten eta asmo onak adierazi soilik egiten duten adierazpenekin".
Duela astebeteko protestako protagonista izan ziren lehen arretako langileek bezala, sindikatuek adierazi dute ospitaleetako langileek ere egunero egin behar diotela aurre "giza baliabide eta baliabide material eskasia egoerari".
Osasun sistema publikoaren gabeziak pandemiak larriagotu bai baina ez dituela hark sortu azaldu dute, egiturazko arazoak direla, murrizketen ondorio, eta konponbideak ere halakoa izan behar duela.
Elkarrizketa eskatu diote Osakidetzari, eta gogora ekarri dute ekainaren 18an mahai sektoriala azkenekoz bildu zenetik ez dela beste hartuemanik izan.