COVID-19ari buruzko osasun-aginduak ez betetzeagatik 10.000 salaketa baino gehiago jarri dituzte EAEn

Jone Olabarria 2020ko ira. 20a, 16:06

Lurraldeka aztertuta, Bizkaian jarri dituzte salaketa horiek erdiak, 5.684 zehazki. Gipuzkoan 2.582 jarri dituzte eta Araban 2.089 . Arrazoiari erreparatuta, gehiengoak maskararen erabilerarekin edota kalean edatearekin du zerikusia.

COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-neurriak ez betetzeagatik Ertzaintzak eta EAEko herrietako udaltzaingoek 10.361 salaketa jarri dituzte ekainaren 18tik irailaren 15era arte. Horietatik 5.174 salaketa jarri ditu Ertzaintzak , eta udaltzaingoek, berriz, 5.187, gehienak maskara ez erabiltzeagatik.

Lurraldeka aztertuz gero Bizkaian jarri dituzte salaketa gehien, 5.684 zehazki. Gipuzkoan eta Araban ordea salaketa kopurua nahiko berdintsua da; 2.582 eta 2.089 salaketa, hurrenez hurren.

Maskara eta botila festa

Salaketen arrazoiari erreparatuta, 8.500 salaketa inguru maskara ez eramateagatik edota maskararen erabilera desegokiagatik jarri dituzte. Bide publikoan edariak kontsumitzeagatik edo botila festa egiteagatik 1.020 salaketa jarri dituzte, 680 Ertzaintzak eta 340 udaltzaingoek.

Gainerako salaketak ostalaritzan pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia fisikoa ez errespetatzeagatik (194) espazio publikoan 2 metroko distantzia mantendu gabe erretzeagatik (142), edukierari buruzko araudia ez betetzeagatik edo gazte-lokaletan egoteagatik jarri dituzte, besteak beste.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak