Aitor Izagirreren erreleboa hartuta, Monika Belastegi izango da Goienako presidente berria

Txomin Madina Milikua 2020ko ira. 10a, 21:20

Goiena Komunikazio Taldeak Arrasateko Kulturateko areto nagusian egin du urteko batzar orokorra. Presidente aldaketa gauzatzeaz gain, iazko emaitzak onartu dituzte bertan eta enpresaren egungo egoeraren eta asmoen berri eman ere bai.

Ohikoa den moduan maiatzean beharrean, pandemiaren ondorioz gaur egin du urteko batzar orokorra Goiena Komunikazio Taldeak. Eta bertan hartutako erabakien artean egon da zazpi urtetan presidente izan den Aitor Izagirreren partez Monika Belastegi izatea aurrerantzean kargu hori beteko duena. "Zazpi urte oso politak izan dira, lan askokoak; gauza asko pasatu dira... Pena puntu bat ere badut, baina pozik nago, proiektu hau oso osasuntsu dagoelako", azaldu du Izagirrek batzarraren ostean. Egindako lan onari esker-emate moduan, txalo zaparrada beroa eskaini diote bertaratutakoek, baita opari bat eman ere.

Monika Belastegi bere aldetik, pozik baina era berean ardura handiarekin hartu Goienako presidente kargua: "Pozik eta lan egiteko gogoz nago. Bide honetan saiatuko naiz Debagoieneko euskara elkarte guztietako ordezkariekin egoten, elkarlana sustatzen eta modu horretan etorkizuneko erronkak sustatzen". Goienak daraman jardunari jarraipena emateko segitzeko asmoa agertu du baita ere: "Euskarazko hedabide bat gara eta gure DNAn dago euskararen normalizazioan urratsak ematea". Goienan ibilbide luzeko kazetaria, Belastegi da komunikazio taldeko presidentea izango den lehen langile bazkidea.

2019ko balantzea eta 2020rako aurreikuspenak

Bestelako gaiak ere izan dira hizpide Kulturateko areto nagusian eta beharrezko neurriak hartuta egin den batzarrean. 2019ako emaitzei dagokienez, Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusiak esan du enpresa errotu egin zela iaz: "Ekonomian, egiteko moduetan, produktuetan... egonkortu egin gara. Berrikuntzara ere bideratu dugu zerbait eta hori litzateke gure asmoa urtero".

2020a "zailagoa" datorrela gaineratu du Arantzabalek. "Oso aurreikuspen onak genituen pandemiaren aurretik  baina dena hankaz gora jarri da. Egoera honetan ohikoa den moduan, dena da zalantza. Gure inguruak horrela bizi du, baita guk ere", azaldu du. Dena den, datozen hilabeteetara begira itxaropentsu ere agertu da: "Jendea erantzuten dago; publizitatean, esaterako, pentsatzen genuena baino hobeto doaz gauzak. Ea zer gertatzen den urte bukaerarako: momentuz galerak ditugu baina ea gai garen urtea apur bat itxuratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak