"Epidemiaren bigarren olatuan" EAEk 332.991 PCR proba egin dituela azaldu du Jaurlaritzak eta horietan 19.158 kasu positibo atzeman dituela. Gainera, COVID-19a zuten 96 pertsona hil dira denbora tarte horretan. "Hildakoak hil aurreko azken bi hilabeteetan infekzioa zuten pertsonak dira, eta horien heriotzaren arrazoi zuzenak, beraz, ez du zertan COVID-19a izan", azaldu du.
Atzoko datuak
Atzo, EAEn, 7.218 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 608 izan ziren positiboak. Ospitaleen egoera dela-eta, gaixotasunaren ondorioz 36 pertsona ospitaleratu ziren atzo. Guztira, 47 daude Zaintza Intentsiboko Unitateetan. Nafarroan, bestalde, gora egin dute positiboek azken orduetan: guztira, 265 zenbatu dituzte, aurreko egunean baino 74 gehiago. Nafarroako ospitaleen sarean une honetan 101 pertsona daude ingresatuta; horietatik 8 daude ZIUn.