Bergarako Mireia Gabilondok zuzendu du eta Aretxabaletako Kepa Errastik idatzitako izen bereko antzezlanean oinarrituta dago; Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Naiara Arnedo, Itziar Atienza eta Leire Ruiz dira Tentazioak eta Acronicak ekoitzi duten komediaren protagonistak.
Filmaren bi bertsio
Euskarazko eta gaztelerazko bertsio bana grabatu dute. "Ez da bikoizketa bat; modu batean esanda, bi film grabatu ditugu aldi berean; pasarte batean euskarazko bertsioa grabatu ondoren, gazteleraz grabatzen genuen gero pasarte bera, eta hala egin dugu film osoa".
Muntaketa lanetan ari dira eta urrirako amaitzea espero dute. "Orain arteko sentsazioak onak dira, grabaketak ondo joan ziren, eta hala doaz hurrengo lanak ere. Zine aretoetako estreinaldirako data zehatzik ez dugu oraindik finkatuta".
"Komedia garratza"
Landetxe batera doazen lagunen istorioa jasotzen du. "Betidanik lagunak diren sei emakume abiatuko dira bertara, horietako baten ezkongabeko agurra ospatzeko asmoz, baina urteak ez dira alferrik pasatzen, eta, euren artean lotura handia sentitzen badute ere, ez da ezer zena", diote ekoiztetxetik.
Filmak adiskidetasunaren eta sortzen diren tirabiren inguruan dihardu. "Hasiera batean asteburu zoroa izango zena are gehiago erotuko da: trapu zikinak, inoiz esan ez ziren gauzak, aitorpenak, alkohola, droga eta erlauntz bat".