Portutik ikusi beharko dute Kontxako Bandera

Xabier Urtzelai 2020ko ira. 4a, 12:48

Nerea Agirrezabalek eta Eider Altubek, taldekideekin batera, Donostiako portutik jarraitu beharko dute aurtengo Kontxako Bandera. Eguaztenean euren traineruek ez zuten sailkapen fase zorrotza gainditu; San Juanek eman zuen ezustea.

Nerea Agirrezabal bergararra eta Eider Altube arrasatearra ez dira arraunera iritsi berriak. Altubek, esaterako, lautan hartu du esku Kontxako Banderako sailkapen fasean, baina oraindik ez dakite finalean egotea zer den. Eta aurtengo edizioa ere lurretik jarraitu beharko dute, eta ez itsasotik. Sailkatzea ez da erraza: traineru asko eta finalerako txartel gutxi. Hala, datozen bi asteotan zortzi traineru izango dira Donostian zein baino zein gehiago, baina donostiarrek, etxekoak direnez, postu finkoa dute. Beste lau txartel ia segurua zen Euskotren ligako traineruendako izango zela, eta halaxe gertatu da. Horrenbestez, bizpahiru txartel geratzen dira zortzi traineruen artean banatzeko, eta oraingoan, San Juanek eman du ezustea, seigarren denbora onena eginda.

Hala, eguaztenean Orio izan zen onena (11.08.82), eta Tolosaldea (8.82 segundora), Arraun Lagunak (12.26ra), Zumaia (19.34ra), Hondarribia (19.70era), San Juan (24,70era) eta Hibaika (29,14ra) traineruek lortu zuten finalerako txartela. Nerea Agirrezabalen Ondarroa Cikautxo atarian geratu zen, sei segundogatik ez ziren sailkatu –zortzigarren–, eta horiek hartu zuten pena handiena, gertu egon ziren eta. Castron bandera irabaztetik zetozen, eta, nahiz eta dena ondo egin beharko zutela jakin, sailkatzeko aukerak zituzten.

Eider Altuberen traineru lekeitiarrak, berriz, hankak lurrean zituen. Ligan ez dute denboraldi hasieran aurreikusitako maila eman eta azken orduko aldaketek ez diete onik egin. Talde beteranoa dute, eta datorren urtean gaztetasuna iritsiko da lehen trainerura. Kontxatik kanpo geratuta, atseden hartzeko ordua da orain.

Nerea Agirrezabal, Ondarroa Cikautxo taldeko arraunlaria: "Urte hasieran sinatuko nuen denboraldi hau"

"Ondarroako Arraun talde moduan egin dugun bigarren denboraldia izan da. Eta, Bizkaiko txapeldun izatearekin batera, aurreko astean Castroko Bandera irabaztea lortu genuen. Lorpen handiak dira horiek guretako, baina Kontxako Banderara begira hankak lurrean genituen guk. Donostiarrak sailkatuta zegoen, eta beste lau talde goragoko mailakoak dira. Tolosa ere bagenekien sailkatuko zela; horrenbestez, hainbat talde geunden postu gutxi batzuetarako".

Eider Altube, Isuntza Elecnor Taldeko arraunlaria: "Esperantza gutxi geneukan sailkatzeko"

"Ligan ez dugu gure onena eman, eta esperantza gutxi nuen Kontxara begira, nahiz eta ilusio handiarekin egon. Eta hori, normalean, Kontxako Banderan gure onena eman izan dugula. Bada, lan txukuna egin genuen estropadako hiru laurdenetan, baina patroia aldatu behar izan dugu, aurten gurekin ibili dena gazteegia delako Kontxan parte hartzeko, eta iazko patroiak apenas egin ditu bi entrenamendu saio gurekin. Orain, atseden hartzeko ordua da, uda gorabeheratsua izan da eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak