Malen Ruiz de Azuak eta Istar Dapenak urrezko dominak eskuratu dituzte Euskadiko Txapelketan

Mirari Altube Arrese 2020ko abu. 31a, 08:22

Arrasateko pertika jauzilariak.

Atletismoan, Euskadiko Txapelketa absolutuak emaitza onak utzi ditu Arrasateko pertika-jauzilarientzat. Eta asteburu honetan kluben arteko Espainiako Kopa jokatuko dute, Madrilen; hilaren 13an, aldiz, txapelketa indibidualean ariko dira, toki berean.

Emakumezkoen pertika-jauzian Malen Ruiz de Azuak irabazi zuen, 4,25 metro eginda, eta Maialen Axpe sailkatu zen bigarren, 4,00 metroko markarekin.

Ezjakintasun handiarekin joan zela aitortu du Ruiz de Azuak. "Abuztu hasieran, saio batean, 4,20 metrokoa saltoa egin nuen, baina azken txapelketa otsailean jokatu nuen eta beldur puntu bat ere baneukan, ea nola sentituko ote nintzen. Izan ere, abuztuan atseden apur bat hartu dut. Hori kontuan hartuta, gustura geratu naiz egindakoarekin", nabarmendu du.

Axpek, bestalde, onartu du lesioaren ostean asko kostatzen ari zitzaiola sentsazio onak berreskuratzea, eta hori lortu zuela Donostian. "Egia da marka eskasa dela, baina ondo sentitu nintzen, oro har. Gero, ordea, istripu txiki bat izan nuen. Salto batean, pertikak ihes egin zidan eta hankan eman. Ondorioz, burua txapelketatik joan zitzaidan eta ezin izan nuen guztiz disfrutatu. Belauna handitu egin zitzaidan; azkenean, sustoa besterik ez zen izan", azaldu du.

Gizonezkoetan, Istar Dapenarentzat izan zen urrezko domina, 5,00 metro gaindituta. "Marka kaxkarrarekin bada ere, irabaztea lortu nuen. Abuztu osoan gaueko erreleboan aritu nintzen lanean, eta hori asko nabaritu nuen txapelketan".

Bi asteburu inportante aurretik

Asteburu honetan, kluben arteko Espainiako Kopan ariko dira, Madrilen, eta hilaren 13an, aldiz, Espainiako Txapelketa absolutua jokatuko dute, leku berean.

Txapelketa indibidualari eman diote lehentasuna, baina onartu dute taldekako kopa ere oso inportantea izango dela. "Asteburu hau ondo etorriko zaigu pista ezagutzeko eta gainontzeko atletekin sentsazioak partekatzeko", dio Ruiz de Azuak. Axpek gaineratu du ahalik eta maila hoberenean iristen saiatuko dela. "Guztiok daukagun onena ematen badugu, txapelketa politagoa izango da". Dapenak, azkenik, txapeldun izateko aukerekin ikusten du bere burua. "Bi onenak nire marka antzerakoak egiten ari dira".

Uribarren eta Carrascal ere bai

Iñigo Uribarrenek 4x100 metroko errelebo proban hartuko du parte asteburu honetan, eta salto hirukoitzean datorren astean. Eneko Carrascal, berriz, salto hirukoitzean lehiatuko da, kopan zein txapelketa indibidualean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak