Jaurlaritza berria osatzeko koalizioa adostu dute EAJk eta PSE-EEk

Uxue Igarza Loiola 2020ko abu. 27a, 17:06

Gaur, eguena, Jaurlaritza berrirako programaren aurre-akordioa iragarri dute EAJk eta PSE-EEk. Azaldu dutenez, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzen laguntzea izango da haien helburua, "zerbitzu publikoen eta politika sozialen defentsatik abiatuta" eta "autogobernu zabalagoa eta hobea oinarri hartuta".

Desadostasunak ere izan diren arren, bi alderdiek "helburu bera" dutela azpimarratu dute, eta beharrezkotzat jo dute hurrengo Gobernuak hartu beharreko "erabaki premiazkoenak argi definitzea". Ohar bateratuan azaldu dutenez, Nazio Batuen 2030 agendarekin lerrokatuta, herritarren osasuna bermatzea eta ekonomia eta enplegua suspertzea ­–eta pandemiaren aurreko mailak berreskuratzea– da lehentasuna, baina "erronka eta behar berrietara" egokituta: "Gobernu-programa berria lau jarduera-ardatzetan egituratuta dago, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuekin eta gure errealitate ekonomiko, sozial eta instituzionalarekin lerrokatuta: oparotasuna, pertsonak, planeta eta bizikidetza, autogobernua eta giza eskubideak".

Erabakia berresteko astelehenean egingo dute jeltzaleek Batzar Nazionala eta PSE-EEk ere kontsulta egingo du alderdikideen artean. Inbestidura-saioa, berriz, irailaren 3an egingo dute.

Iriarteren hautagaitza ere bai

Bihar, egubakoitza, bukatzen da Lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteko epea, eta EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkeztu du. Otegiren esanetan, herritarrek "alternatiba bakar gisa" ikusten dute EH Bildu, eta horregatik erabaki dute Maddalen Iriarte aurkeztea. "Gobernatzeko beste modu batzuk daudela erakutsi nahi dugu", gehitu du koordinatzaile nagusiak. Hautagaitza bihar aurkeztuko dute ofizialki, Huarten egingo duten ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak