Euskal Herriko txoko guztietako ordezkariak dituen abesbatza da 2016an sortutakoa. "Maila ikaragarria duen taldea da", dio Aitor Biain oñatiarrak. Bera da, Basilio Astulezekin batera, abesbatza zuzentzeko ardura duena, 2021era arte. Bi urtean behin aldatzen dira zuzendariak, eta urtero egiten dituzte proba kide berriak aukeratzeko. Debagoieneko ordezkariekin batera, Euskal Herriko Gazte Abesbatzan daude, Oñatiko Hots Abesbatzako beste lau kide, bailarakoak ez direnak.
'In Memorian' lana
Koronabirusak mundua geratu zuenean, EHGA-k In Memorian lana zuen esku artean. "Munduan egon diren ezbeharrak gogoan edukitzeko idatziko piezak dira: atentatuak, naturak eragindako ezbeharrak... Estilo ezberdinak lantzeko aukera ematen digun programa da", esan du Biainek.
Programa hori aurkezteko kontzertuak egin dituzte Donostiako Santa Maria elizan eta Bilboko Euskaldunan. Hurrengo hitzordu garrantzitsua Tolosako Nazioarteko Lehiaketa izango da. Aurtengoa, jaialdia izango da. "COVID-19ak eraginda formatua aldatu dute. Estatuko abesbatzarik esanguratsuenak egongo dira. Baita gu ere". Tolosako emanaldia San Frantzisko elizan izango da, azaroaren 1ean, 20:00etan.