Bergaratik Eskoriatzara bizikletan joateko aukera

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko uzt. 28a, 10:30

Txirrindularia, Bergarako Labegaraieta auzoan.

Bizikletarekin ibiltzeko aukera zabala eskaintzen du Debagoienak. Gaur egun, Bergaran hasi eta Eskoriatzaraino joateko modua dago.

Garai bateko Vasco-Navarro trenaren ibilbidea aprobetxatuta Debagoiena ia osoa bizikletarekin zeharka daiteke. Bergaran, Osintxun, hasi edo bukatuko da ibilbidea. Osintxutik Mekolaldera arteko bidegorri zatia beltz kolorekoa da, eta Deba ibaiaren ondoan doa –1,8 kilometro–. Bidegorriak hiru metroko zabalera du eta oinezkoek eta ziklistek erabiltzen dute. Nabarmendu behar da bidea ez dela guztiz laua; hala ere, maldak ez dira gogorrak eta edonork erabiltzeko aproposa da.

Bergara, geldialdi aproposa

Bidegorria Bergarara sartuko da Agorrosin ondotik –Osintxutik Agorrosinera arteko zatiak 4,5 kilometro ditu–. Agorrosinetik aurrera jarraituz gero sarea Bergarako erdigunean sartuko da. Bergarak ondare artistiko eta historiko handia du. Geldialdia egiteko toki aproposa izan daiteke.

Bidegorriak Bergaratik Elorregira arte jarraituko du. Agorrosin Ekintza gunetik Elorregira arteko zatia 6 kilometroko bidegorri sarea da. Nabarmendu behar da bigarren zati honetan, bidegorriaren zati handiena asfaltatu barik dagoela. Bidean iturriak daude.

Elorregin bidegorri sareak bi norabide hartuko ditu: bat, Oñatira doan bidegorri sarea eta bestea Leintz bailarara doan sarea.

Arrasateko tren geltokia zena

Elorregiko biribilgunea azpitik pasa eta Arrasaterako bidea hartuta, Deba ibaiaren aldamenean doa bidegorria. Hainbat tunel pasa beharko dira zati horretan. Bidegorria Musakola auzoan sartuko da; San Isidro ermita ikus daiteke hor. Aurrera jarraituta, Ospitale ondoan garai bateko tren geltokia zena ikus daiteke oraindik ere.

Arrasate guztia zeharkatu ostean bidegorria San Andres auzotik Aretxabaletara iritsiko da, eta Aretxabaletatik Eskoriatzara. Arrasate eta Eskoriatza arteko bidegorriak 8,5 kilometro ditu. Eskoriatzako zatia herria baino gorago geratzen da; eta, ondorioz, panoramika polita eskaintzen du herria ezagutzeko.

Eskoriatzan amaitzen da bidegorri sarea. Nabarmendu behar da Gatzagara arteko bidea egin barik dagoen arrean, Gatzagatik Arlabanera joateko aukera, edo alderantziz, badagoela. Bidegorria zuhaitz artean doa zati horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak