Uberako plazan hasiko dugu gaurko etapa. GI-2632 errepidea hartu eta Elgetarantz joko dugu. Uberagoena baserriaren aurretik pasatu eta porlanezko pistatik jarraituko dugu. Lehenengo bidegurutzean, ezkerretara doan Egurbide Zahar baserriko bidea laga eta aurrera jarraituko dugu, Sesto erreka gure ezkerrean daramagula, eta bigarrenean, ezkerretara hartuko dugu –hego-ekialdera–, eta Urrejolaegi Zaharra baserriaren bidetik jarraituko dugu aurrera.
Dawson-zipres basoaren barrenetik erreka-zulora iritsiko dira ibiltariak.
Gorantz egin eta Egurbide aldetik datorren bidearekin bat egin ondoren, aurrerago tentsio-kable batzuen azpira helduko gara. Eskumako bidea hartuta, Dawson-zipres basoaren barrenetik erreka-zulora iritsiko gara. Mendebalderantz jarraituko dugu, aldapan gora. Elgetara ura eramateko erabiltzen den bidea jarraituko dugu –mendebaldera–, berehala Uraixa baserriaren aurrean pista batekin bat egin arte.
PR markak jarraituta, Asentzioko putzura iritsiko gara. Ermitaren azpiko aldetik, Bergara aldera doan pista hartuko dugu. Ondoren, Jaurekogietxetxo baserrira iritsiko gara, eta han Elgetaranzko bidea hartuko dugu. 150 metro egin ondoren, bidea utzi eta ezkerretara sartuko gara, Galarraga eta Zabaleta baserriak ikusten ditugula. Aurrera jarraitu eta Kanpanzartik Elgetara doan bidera irtengo gara. 200 bat metro egin ostean, ezkerretara garbi ageri den pista bat, PR batek markatutakoa, hartuko dugu. Sagasta baserrira heldutakoan, porlanezko bidetik jarraituko dugu ekialdera, errepide aldera.
Aurrera jarraituta, berriro ere Kanpanzartik Elgetara doan bidera iritsiko gara. 70 bat metro egin ostean, gure ezkerretik basoan gora doan bidea hartuko dugu. Errepidetik gora, basoko bide batetik jarraituko dugu hegoalderantz, bidegurutze bat pasatu, eta basoan hegoalderantz jarraituko dugu. Baso bidea amaitzean, gure aurrean eta gainean izei batzuk ikusiko ditugu. Eskumara jarraituko dugu beherantz –hegoaldera– eta laster Sustraitza aldetik datorren markatutako –GR– bidearekin bat egingo du. Beherantz jarraituz, Kanpanzar aldera gerturatzen hasiko gara. Azpiko aldean Lasarte baserria eta San Miguel del Monteko bidea ikusiko ditugu. Azken jaitsiera bat falta zaigu. Galbiderik gabeko pistan aurrera egin eta Kanpanzarko tabernara iritsiko gara; azken mugarria Zelaitxueta baserriaren seinalearen ondoan dago. Ibilbidea amaitutzat emango dugu han. Informazio gehiago www.pol-pol.net webgunean aurkituko duzue.
Fitxa teknikoa:
• Distantzia: 10,9 km.
• Iraupena: 4-5 ordu inguru.
• Zailtasuna: Erraza.
• Ibilbidea: Zuzena.
• Seinaleztatuta: Ez.
• Bide mota: Mendi pistak eta bidexkak.