Leintz Arizmendi hasi da irailera begira lanean

Xabier Urtzelai 2020ko uzt. 27a, 12:00

Joan den astelehenean, Azkoagainen, Leintz Arizmendiko eta Leintz Aloñako neskak. Argazkia: Urtzi Amiano.

Lehenengo taldeak Euskal Ligan jokatuko du datorren denboraldian eta Leintz Arizmendi izena izango du. Leintz Aloñak, berriz, preferentean neurtuko ditu indarrak. Taldeak definitzen hasi dira dagoeneko, babes neurriak hartuta.

Futbolean Debagoieneko emakumezkoek batuta jarraituko dute datorren urtean ere. Hala, UDAk, Arizmendik, Mondrak eta Aloña Mendik elkarrekin abiatutako proiektuak jarraipena izango du 2020-2021 denboraldian. Aurtengo denboraldi ezohikoan Leintz Arizmendi maila igo da, eta datorren denboraldian Euskal Ligan jokatuko du. Bigarren taldeak, berriz, Leintz Aloña izena izango du, eta preferente mailan jokatuko du.

Lehenengo topaketa egin dute

Joan den astelehenean, bi taldeetako jokalariak batu ziren Azkoagainen. "38 jokalari batu dira Oñatin, baina, berez, gehiago dira; oporretan daudenez, ezin izan dute etorri. 42 jokalari izango ditugu, guztira, inoiz baino gehiago, bi talde sendo sortzeko adina jokalari izango ditugu eta entrenamendu saio hau baliatu dugu taldeak egituratzen joateko. Izan ere, iazko blokeei eutsiko badiete ere, jokalari batzuekin zalantza dute bi taldeetako zeinetan jarriko dituzten, eta, elkarrekin topaketa bat egitearekin batera, halako zalantzak argitzen joateko ere balio izan du entrenamendu saioak", dio Urtzi Amiano koordinatzaileak.

Ezkurra eta Uriarte gidaritzan

Lehenengo taldeko entrenatzailea izango da Andoni Ezkurra arrasatearra, eta Nerea Uriarte oñatiarrak zuzenduko du bigarren taldea: "Leintz Arizmendiren helburua izango da igo berri diren Euskal Ligan finkatzea, eta hainbat urtetan maila horri eusteko moduko talde lehiakorra izatea; ikusiko dugu gero ze ibilbide egiten duen taldeak. Leintz Aloñak, berriz, iaz baino talde sendoagoa izango du, ikusiko dugu noraino iristen diren; zergatik ez Ohorezko Erregional Mailara igotzeko amets egin?".

Bergara, Ohorezko Erregionalean

Hain zuzen, klub mahoneroak kategoria horretan izango du ordezkaritza, aurten ere denboraldi txukuna eginda –hogeita bi jardunalditatik, hamar partidu irabazi eta sei berdindu dituzte– sailkapenaren erdian amaitu dute-eta denboraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak