Eskoriatzako Mendiola auzoko aparkalekuan hasiko dugu ibilaldia. Pistatik abiatu, eta lehen bidegurutzean ezkerraldera joango gara, pinu eta zelai artean. Hurrengoan ere ezkerretara egingo dugu, eta, ezkerrean, txondor bat duen txabola bat ikusiko dugu. Aurrera jarraitu eta berehala adierazle batzuk ikusiko ditugu. Zuzen jarraituko dugu, eta zuri-hori-berdez markatutako bidetik ezkerraldera joango gara bidexka batetik, pista utziz.
Markak jarraituko ditugu, eta hurrengoan ere ezkerretara egingo dugu, beherantz, eta gero berriz ezkerretara pittin bat jaisten. Beste bide batean sartu eta eskuinera 180 graduko bira egingo dugu. Hurrengo bidegurutzean ezkerrekoa hartuko dugu. Pinudiak desagertu egingo dira, eta paisaiaz gozatuko dugu.
Ezkerraldean txabola bat ikustean, bidexka jarraitu, eskumatik eta gorantz.
Ezkerraldean txabola bat ikusten dugunean, bidexka nabarmen bat jarraituko dugu, eskumatik eta gorantz doana. Pinudi barruan sartzen den bidea jarraituko dugu, ezkerrekoa; errebuelta pare bat egin ondoren, txabola batera heldu aurretik, bidegurutzean eskumako adarra jarraituko dugu gorantz, eta bide hori jarraituko dugu ezkerretik bidexka bat ikusi arte. Handik joango gara Kurtzeberriko gandorreraino. Gandorrean gaudenean eskumara joz, ertz ondotik jarraituko dugu tontorrera. Inguru karstikoetara helduko gara. Tontorra ikustean, bertara inguratuko gara. Atseden pittin bat hartuta, jaisten hasiko gara, kanalean behera. Behin harria bukatuta, ezkerraldera egingo dugu zelaitik –hegoalderantz–. Pista zabal batekin egingo dugu topo; pista hori eskumara eta beherantz jarraitu behar dugu, Elizabarriko ermitara heldu arte –iturria–. Bidea jarraituz, iparralderantz beti, Uriaga baserrira helduko gara – Peñaculo–.
Bidearen ezkerraldean bidexka bat dagoen arren, pistatik ere ondo goaz. Aldapa baretzean, onena baserri aldera joatea da, zementuzko pistatik, eta, segidan, eskuinaldetik, zuriz eta horiz markatutako bidetik jarraituko dugu, zelaian sartuaz. Bide horrek igoeran utzi dugun bidegurutze batera eramango gaitu –adierazleak–. Ezkerraldera eginez, Mendiolara iritsiko gara.
Fitxa teknikoa:
• Distantzia: 9,6 km.
• Iraupena: 2 ordu inguru.
• Zailtasuna: Erraza.
• Ibilbidea: Zirkularra.
• Seinaleztatuta: Aldizka.
• Bide mota: Basoko pistak eta bidexkak.