Asteburuan trafikoa areagotuko delakoan, argibideak eman ditu Trafiko Zuzendaritzak

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 21a, 15:27

Trafiko Zuzendaritzaren susmoen arabera, EAEtik inguruko autonomia-erkidegoetara doazenak izango dira bidaiari gehienak, eta nazioarteko joan-etorriak, berriz, gutxiago izango dira. Bestetik, Marokok mugak ixteak ere eragina izango du ohiko trafikoan.

Udako irteera eta itzulera operazioak direla-eta, trafikoa areagotuko dela aurreikusi dute asteburu honetan. Gauzak horrela, operazio berezia prestatu dutela jakinarazi du Trafiko Zuzendaritzak.

Puntu estrategikoetan zirkulazioa arintzeko neurriak hartzea eta COVID-19ari aurre egiteko seinaleak eta liburuxkak osatzea izango dira operazio berezian kontuan hartuko dituztenak:"5.000 liburuxka argitaratu ditugu ingelesez, frantsesez, arabieraz, euskaraz eta gaztelaniaz higiene-neurriak gogorarazteko. Liburuxka horiek AP-8ko eta AP-1eko zerbitzuguneetan ari gara banatzen, eta, gainera, mezu bera hedatzeko seinaleak ere jarri dira inor kutsa ez dadin, leku horietan jendea pila daitekeela aurreikusita".

Bidaia hasi aurretik, ohiko gomendioak

Trafiko Zuzendaritzak bidaiari ekin aurretik errepideen egoera kontsultatzea gomendatzen du. Horretarako 011 telefono-zenbakira deitzea edo webgunean kontsulta egitea dira proposatu dituzten aukerak; eta baita @TrafikoaEJGV Twiter kontuan edo TrafikoaEJGV aplikazioan begiratzea ere.

Bestetik, ibilgailua egoera onean dagoela ziurtatzea ere "funtsezkoa" dela adierazi dute (pneumatikoak, argiak, balaztak, haizetako garbigailuak, ispiluak…), eta alkohola eta drogen kontsumoa saihesteaz gain, logurarik ez izateko "otordu handiak" ekiditea gomendatu dute,

Bukatzeko, errepidean abiadura mugak errespetatzea eta segurtasun tarteak bete behar direla esan dute, eta garrantzitsua dela bi orduz behin atsedena hartzea.

Momentura arteko balantzea

Udako operazioa hasi zenetik 5 lagun hil dira EAEko errepideetan: 3 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan –iaz epe berean baino 2 pertsona gehiago–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak