Ez dute lan makala izan Aretxabaletako kiroldegi aurrean elkartu diren 24 kirolariek. Parapentedun motxilak bizkarrean hartu eta Kurtzebarrirantz abiatu dira, batzuk oinez eta beste batzuk takarraran. 900 metroko desnibela duen mendian gora bizkor egitea garrantzitsua izan da, baina ez erabakigarria. Izan ere, hegan ondo moldatu direnek jaso dute saria.
Antolatzaileek zehaztutako ibilbidea egin behar zuten airean, hainbat balizatatik pasatu –lehenengoa Orkatzategin kokatutakoa– eta Urkulun jaitsi. Eta hain zuzen ere Orkatzategira iristeko zailtasunak izan dituzte hainbatek. "Eguraldiaren berri aurretik izatea ezinbestekoa da. Gaur, esaterako, ekialdeko haizea zegoen iragarrita eta hori kontuan hartu beharra zegoen hegan egiterakoan, zabalik joan behar zelako Orkatzategiko balizara", adierazi du hirugarren egin duen Jon Iriarte arrasatearrak bukaeran. Batzuk ezin izan dira iritsi baliza horretara eta beste batzuk altura galdu dute eta behar ez zen lekuan lur hartu; pinu batean ere geratu da bat, baina ez du minik hartu.
Aretxabaletako kiroldegi aurrean kokatutako helmugan airean ondo moldatu direnak izan dira nagusi.
- 1- Gorka Tornos (Soraluze)
- 2- Enaitz Eizagirre (Azkoiti)
- 3- Jon Iriarte (Arrasate)
- 4- Josu Gisasola (Eibar)
- 5- Jon Murillo (Ordizia)