EH Bilduk lortu ditu boto gehien bailaran

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 17a, 11:01

Debagoieneko herri guztietan koalizio abertzalea izan da bozkatuena, Eskoriatzan izan ezik; botoen %45,30 lortu ditu EH Bilduk eta EAJ izan da bigarren indarra; PSE-EE hirugarren alderdi bozkatuena izan da eta Elkarrekin Podemos-IU nabarmen jaitsi da.

EAJ izan da nagusi inoizko parte-hartzerik baxuena izan duten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan –%52,86–. Jeltzaleek 31 eserleku eskuratu dituzte; EH Bilduk, 22; PSE-EEk, 10; Elkarrekin Podemos-IUk, 6; PP+C's koalizioak, 5; eta ultraeskuineko Vox alderdia Parlamentura sartu da, ordezkari bat lortuta.

Debagoienean, hala ere, EH Bildu izan da bozkatuena, 13.498 boto eskuratuta. Halaber, boto kopuruan gora egin duen bakarra izan da koalizio abertzalea, 2016ko hauteskundeekin alderatuta, %9,23 gehiago.

EAJ bigarren indarra izan da, 10.980 botorekin, baina botoetan behera egin du bailaran, 841 boto gutxiago jasota: -%7,11.

Alderdi sozialista, oro har, mantendu egin da boto kopuruari dagokionez, baina 116 boto gutxiago eskuratu ditu Debagoienean: -%4,84.

Elkarrekin Podemos-IU izan da gehien galdu duena, jaitsiera nabarmena izan du-eta botoetan. 1.711 besterik ez du lortu, 2016an baino 4.059 gutxiago: -%57,85.

Herriz herri aztertuta, bestalde, nabarmentzekoa da Eskoriatzan izan ezik Debagoieneko gainontzeko herri guztietan EH Bildu nagusitu dela, baita Aretxabaletan eta Arrasaten ere –EAJren esku dago alkatetza bi herri horietan–.

Lehen hiru indarrak, pozik

Hauteskunde guztietan moduan, askotariko erreakzioak izan dira hauen ostean ere. EH Bildu eta EAJ izan dira garaile nagusiak, eta ordezkarien balorazioak positiboak izan dira.

Mikel Biain EH Bilduko batzarkide oñatiarrak dio ezohiko hauteskundeak izan direla: "Akaso, momentu honetan egin beharko ez liratekeenak". Hala ere, behin eginda, nabarmendu du EH Bildu izan dela botoetan gora egin duen bakarra. "Oso emaitza onak izan dira. Hasiera batean, 20 eserleku lortzea aurreikusten genuen. Beraz, 22 lortuta, oso pozik gaude. Tendentzia positiboa azaltzen dute emaitzek etorkizuneko beste hauteskunde-ziklo batzuei begira", azpimarratu du.

Aintzane Oiarbide Elgetako zinegotzi eta Gipuzkoako diputatu jeltzalea ere gustura azaldu da EAJk lortutako emaitzekin. "Zorioneko gaude, hauteskundeak irabazi eta hiru eserleku gehiago lortu ditugulako. EAJk historikoki izan duen eserleku kopuru handienetakoa izango du legegintzaldi honetan. Euskadiko biztanle gehienek konfiantza eta segurtasuna hautatu dituzte Iñigo Urkullurengan eta EAJrengan konfiantza jarriz".

Alberto Alonso Bergarako zinegotzi eta aurrerantzean legebiltzarkide sozialista izango denak abstentzioaren balioa nabarmendu gura izan du. "Historiako handiena izan da eta horrek bere ondorioak ekarri ditu emaitzetan. Gure alderdiari dagokionez, nahiz eta abstentzioa handia izan, oso emaitza onak dira, legebiltzarkide bat gehiago lortu dugulako", nabarmendu du oñatiarrak.

Hausnarketarako momentua

Arrasateko Elkarrekin Podemos-IU koalizioak onartu du ez direla esperotako emaitzak eta orain autokritikarako eta hausnarketarako sasoia dela. Abstentzioak kaltetu egin dituela ere nabarmendu dute.

Hala ere, eskualdean "alternatiba eraldatzailea" eraikitzeko aukerak badaudela eta horrek itxaropena ematen diela azaldu dute: "Eskualdean ezkerreko alderdiak gehiengoa izateak ere itxaropena ematen digu aurrera begira ezkerreko alternatiba eraldatzailea eraikitzeko aukera dagoelako. Jarraituko dugu ezkerretik alternatiba politikoak eraikitzeko bidea zabaltzen eta gure eskualdean ere aldaketa politikoa errotzen".

Abstentzioak eragina izan du

Haien alderdien emaitzak ez ezik, emaitza orokorrak ere aztertu dituzte bailarako ordezkari politikoek, eta Oiarbidek, esaterako, azaldu du abstentzioaren ondorioz EAJ izan dela alderdi kaltetuena. "Ikusten duguna da Podemoseko boto emaileek EH Bilduri eman diotela botoa oraingoan. Era berean, abstentzioak alderdi guztiei egin die kalte, baina kalterik handiena EAJri egin diola esango nuke", adierazi du.

Biainek dio gobernuaren blokea mantendu bakarrik ez, hobetu ere egin dela emaitza hauekin. "Baina ikusten da EH Bildu alternatiba moduan sendotzen doala hauteskundez hauteskunde", gaineratu du.

Alderdi sozialistako legebiltzarkide berriak nabarmendu du abstentzio altuaren ondorioz ultraeskuina sartu dela Eusko Legebiltzarrean, eta hori ez dela albiste ona. "Sentsazio gazi-gozoa utzi digute emaitzek, alde horretatik", dio.

Debagoieneko emaitzei buruz

EH Bilduko batzarkidearen iritziz, besteak beste, Zaldibarko krisiak eragina izan du Debabarreneko eta Debagoieneko emaitzetan. "Higadura bat sortu du EAJrengan eta alderdi sozialistarengan, eta EH Bildu indartu egin da eskualde horietan. Herritarrek euren botoekin hori islatu dute, nahiz eta Zaldibarkoa ez izan eragile bakarra", nabarmendu du.

Bide Azpiegituretako diputatuaren iritziz, berriz, EAE osoan izan den joera gertatu da Debagoienean ere; hau da, Elkarrekin Podemos-IUren boto asko EH Bildura joan direla: "Bailarako herri guztietan nabarmena izan da hori, Antzuolan izan ezik". Biainek esandakoari erantzunez, halaber, Oiarbidek dio Eibarren EAJk eskuratu dituela boto gehien. "EH Bildu izan da bigarren indarra eta urte askoan Udal Gobernuan izan den alderdia, PSE-EE, hirugarren geratu da. Nik hor ez dut ikusten gu kaltetuak izan garenik".

Debagoienari dagokionez, Oiarbidek azaldu du azken urteetan boto aldaketa handiak izan direla hauteskunde batzuetatik besteetara. "Ikusi beharko da ezkerreko boto hori EH Bildun egonkortuko den edo ez".

Biainek, azkenik, azpimarratu gura izan du Eibarren aldaketa nabarmena izan dela, eta Debagoienean ere EH Bildu indartu izanari balioa eman gura izan dio. "Oñatiren kasuan, esaterako, EAJ dezente jaitsi da eta EH Bildu, aldiz, asko igo da", zehaztu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak