Irailean erabakiko dute probak antolatu edo ez

Xabier Urtzelai 2020ko uzt. 17a, 11:53

Iazko Antxintxika kroseko irteera.

Urriaren 25ean dira egitekoak Oñati-Arrasate lasterketa eta astebete geroago egingo dute Soraluze eta Bergara arteko Antxintxika krosa. Baina antolatzaileek irailean erabakiko dute aurtengo edizioak antolatuko dituzten edo ez.

Beste urte batzuetan, udazkenean egiten dituzten lasterketa horietarako, antolatzaileek sasoi honetarako hasita zituzten etxerako lanak. Izen-emateak zabaltzen joan, urteroko babesle fidelekin hartu-emanetan hasi... Hala, bai Antxintxikako ordezkariek eta baita AEDko lagunek irailerako utzi dituzte lanok: "Martxan jartzearekin batera lasterketen bueltan ibiltzen den jendeak gomendatu digu irailera itxarotea. Izen ematea orain zabaltzea zen asmoa, baina esan digute ez duela merezi, hobe da irailean gauzak zelan dauden ikusi eta orduan erabakia hartzea", dio Itxaro Artolak. Izan ere, aste gutxian goitik behera alda daitezke gauzak.

Antxintxika krosa, berdin

Antxintxika kroseko presidente Patxi Torres ere iritzi berekoa da. "Gu ere egoera berean gaude. Oraindik ez dugu erabaki aurrera egingo dugun edo aurtengo edizioa bertan behera utziko dugun. Zorionez, oraindik badugu tartea ikusten joateko egoerak ze itxura hartuko duen uda igaro eta gero; horrenbestez, zain egongo gara".

Behobia-Donostia birtuala

Azaroaren 8an egingo dute Behobia-Donostia lasterketa, eta, oraingoz, Fortuna Kirol Elkarteko ordezkariak lasterketa antolatzeko lanetan dabiltza. Hala, zabalik dago izen-ematea, eta Fortunakoen asmoa da azaroaren 8ko lasterketa segurtasun neurriak errespetatuko dituen protokoloarekin egitea. Horrekin batera, baina, aste barruan aurkeztu dute Behobia birtualaren lehenengo edizioa: "Formatu berri hau eta ohiko lasterketa batera izango dira; era honetan, parte-hartzera etorri ezin duten eta horrelako erronka bati aurre egiteko momentua ez dela uste duten pertsonek beste era batera parte hartzeko aukera izango dute", adierazi dute antolatzaileek. BSS birtuala azaroaren 2tik 8ra egingo dute, eta atletek denbora tarte horretan 20 kilometro egin beharko dituzte korrika. Runneak garatutako app-arekin egingo dute erronka, eta izena eman behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak