EITBk egindako galdeketen arabera EAJk aurreko hauteskundeetan baino 2-4 eserleku gehiago lortuko lituzke. EH Bilduk ere gora egingo luke botoetan eta eserlekuetan, 20 eserleku lortuta, 2016an baino bi gehiago. PSE-EE izango litzateke hirugarren indarra Legebiltzarrean, 10-12 legebiltzarkidekin (2016an 9 lortu zituzten), eta Elkarrekin Podemosek 3 edo 4 eserleku galduko lituzke. Alderdi morea, 11 legebiltzarkide izatetik 7 edo 8 izatera pasatuko litzateke.
Behera egingo luke nabarmen ere PP eta Ciudadanos alderdien arteko koalizioak. Izan ere, PPk 9 eserleku izatetik, 4 edo 6 izatera pasatuko litzateke. Ezustekoa, aldiz, Vox alderdi ultraeskuindarrak eman dezake, Araban legebiltzarkide bat lortu dezake eta.
Gipuzkoan, EAJ nagusi
EAJk 10 eserleku eskuratuko lituzke Gipuzkoan eta indar bozkatuena izango litzateke. EH Bilduk, gertutik jarraituko lioke 9 eserlekurekin, eta ezker abertzaleak zein jeltzaleek eserleku bana gehiago lortuko lukete. Hirugarren indarra PSE-EE izango litzateke hiru legebiltzarkiderekin, eta laugarrena Elkarrekin Podemos 2 eserlekurekin (bat galduko luke). PP-Ciudadanos koalizioak eserleku bakarra lortuko luke.