20 urteotako gertakari nagusiak, 20 albistetan

Imanol Beloki 2020ko uzt. 3a, 16:45

Goienak 20 urte bete ditu, eta, urteurrenaren aitzakian, '20 urte, 20 albiste' erreportaje-sorta izango da Goiena telebistan ikusgai eta 'Puntua' aldizkarian irakurgai, gaurtik hasita. 23:00etan emitituko da lehenengo saioa, Maider Undaren gainekoa.

Gaurtik hasita, Goienaren 20. urteurrenaren bueltan, Debagoienean mugarri izan diren gertaerak edo nabarmendu diren gaiak ekarriko dituzte Puntua aldizkariak eta Goiena telebistak, erreportaje formatuan. Orduko argazkien, irudien eta protagonisten ahotsekin eta gaur egun jasotako adierazpenekin.

Abenduaren 18ra arte, astero, erreportaje bana argitaratuko da. 20, guztira, 2000tik gaur egunera arteko gertakari nagusiak kontatzeko. Erreportaje horien lanketa Xabi Urtzelai eta Julen Iriondo kazetariek egingo dute, astero, gai bat jorratuz bakoitzak. Hala, Goiena: 20 urte, 20 albiste erreportaje-sortari hasiera emateko, Maider Unda Oletako kirolariak borroka librean egindako ibilbidea jasoko du estreinakoak.

Aukeraketa zaila

Eneko Azkarate Goienako eduki arduradunak erreportaje-sorta egitearen helburua zein den adierazi du: "Goienak 20 urte bete dituela gogora ekartzea, eta, hedabide bat garenez, denon memorian geratu diren albiste horiek gogora ekartzea du helburu Goiena: 20 urte, 20 albiste erreportaje-sortak. Batetik, bere momentuan, arrazoi ezberdinengatik albiste izan zirelako, eta, bestetik, nolabait Debagoienean eragina izan zutelako. Hala ere, aukeraketa bat egitea izan da zailena; dokumentazio lan handia eskatzen du, buruari eragin behar zaio, eta, zenbait gai aukeratuta ditugun arren, aukeraketa prozesuan ari gara, erabat ixteke".

Maider Unda borrokalaria

Maider Unda, brontzezko emakumea izenpean, gaur estreinatuko da Puntua aldizkarian lehenengo erreportajea, eta telebistan 23:00etan emitituko da lehen saioa. Borroka librean Oletako kirolariak egindako ibilbidea jasoko du estreinakoak, hainbat protagonistaren ahotik. 2012ko abuztuaren 9an, brontzezko domina irabazi zuen Londreseko Olinpiar Jokoetan, eta, hortik abiatuta, berarekin eta bere inguruan eta alboan egon ziren hainbaten testigantzak jaso dira. Besteak beste, Luis Cresporenak, Maider Undaren entrenatzailearenak; eta Uxue Zatikarenak, Basqueteam-eko kirol teknikariarenak. Garai bateko kontakizunak gaur egunetik ikusita jasoko dira, artxiboko argazkiekin eta irudiekin lagunduta.

Hurrengo erreportajea datorren egubakoitzean argitaratuko da, bailaran izan diren hirigintza aldaketen bueltakoa izango dena. Horrekin batera, Eibar-Gasteiz autobidea, Fagor Etxetresnen erorketa eta Isaias Carrascoren hilketa izango dira jorratuko diren gaietako batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak