Lidl multinazionalaren aurkako epaiketa irabazi du Chufamix-ek

Maialen Santos 2020ko uzt. 3a, 13:29
Itziar Bartolome, Vegan Milker etxetresnarekin.

Itziar Bartolome arrasatearrak eta Andoni Monfortek sortu eta patentatutako Vegan Milker landare-edariak egiteko etxetresna kopiatu zien Lidl-ek, 2017an. Enpresaren aurkako demanda jarri zuten; eta Alemaniako epaitegi batek arrazoia eman berri die.

Jendearen eskariz sortu zuten txufa-hortxata egiteko Chufamix etxetresna eta enpresa Itziar Bartolome arrasatearrak eta haren lagun Andoni Monfortek. Artisau hortxata egilea da azken hau, eta Valentzian aritzen da azokaz azoka edaria saltzen. Bartolomek azaldu duenez, "behar" baten eraginez jaio zen gerora Vegan Milker izena hartu duen tresna: "Jendeak hortxata dastatu bezain pronto galdetzen zigun ea non eskuratu zitekeen. Baina produktu freskoa denez, erraz hondatzen da". Arrazoi horregatik, "argi" ikusi zuten jendeak etxean hortxata egin zezan tresna bat asmatu beharra zutela. Eta etxean edonork izan dezakeen irabiagailuari tiraka sortu zuten tresna. Gerora konturatu ziren , gainera, hortxata ez ezik edozein landare-esne egiteko ere "baliagarria" izan zitekeela.

Lidl multinazionalak, kopia

2012an sortutako etxetresna patentatu egin zuten gerora, Monforteren izenean. Eta, "pixkanaka", mundu osora hedatuz joan zen: "Hornitzaileak lortuz joan ginen munduko hogeita bost herrialde ezberdinetan, eta salmentak oso ondo zihoazen".

2017ko abuztuan, hornitzaile baten deia jaso zuten sortzaileek. "Adierazi zigun Lidl multinazionalaren katalogoan agertzen zela Vegan Milker. Segituan jakin genuen ideia plagiatu zigutela", aitortu du arrasatearrak. Eta ez hori bakarrik: "Europa osorako tirada atera zuten, eta gure fabrikazio kostuaren azpitik ezarri zuten euren salmenta-prezioa. Hiru aldiz merkeago, zehazki". Gaineratu duenez, "izugarrizko kaltea" eragin zien Lidl-ek, eta harreman komertzial asko "galdu" zituzten, "ezinezkoa" zitzaielako multinazional baten aurka lehiatzea: "Une oso zailak bizitzera eraman gintuen horrek".

Gauzak horrela, multinazionalaren aurkako demanda prestatzen hasi ziren –herrialdez herrialde egin beharrekoa–. "Patentea genuen froga modura; beraz, ez genuen ezer galtzekorik", dio Bartolomek. Espainiako Lidl demandatu zuten lehenengo, eta epaile batek tramitera onartu zuen: "Lidl-ek produktua atera eta bi hilabetera debekatu zioten salmenta". Halere, oraindik "instrukzio fasean" dago demanda hori, Espainiako justizia "nahiko motel" doa eta. Alemaniako Lidl ere demandatu zuten gero; bertako justizia azkarragoa delako: "Pentsatu genuen apustua egitea, bagenekielako epaia azkarrago aterako zela". Duela urtebete hasi ziren horretan, eta irten berri den epaiak arrazoia eman die Bartolomeri eta lankideei. Horrenbestez, Lidl enpresak indemnizatu egin beharko ditu. Diru hori Ameriketako Estatu Batuetako Lidl demandatzeko erabiltzea "aurreikusten" dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak