125.000 herritarrek baino gehiagok eskatu dute posta bidez bozkatzea

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 3a, 12:34

Estefania Beltran de Heredia segurtasunerako sailburuak azaldu duenez, uztailaren 12ko hauteskundeetan osasun jarraibideak bete beharko dira; besteak beste, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.

Legebiltzarrerako hauteskundeetan neurri bereziak bete beharko dira: nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea eta segurtasun tartea errespetatu beharko da. Gainera, Beltran de Herediak etxetik botoa gutun-azalean sartuta eramatea gomendatu du. Sailburuak azaldu duenez, hauteskunde mahaietan egongo direnentzat "kit bereziak" emango dituzte, eta maskara ahaztu zaien hautesleentzako musuko kirurgikoak jarriko dituzte eskuragarri.

Agintariek segurtasun neurriak beteko direla esan duten arren, hautesleen %7,3k bozkatuko du posta bidez: 1.793.263 dira hauteskundeetara deitutako herritarrak eta 125.255ek hautatu dute posta bidez bozkatzea. Eugenio Artetxe Hauteskunde Prozesuen zuzendariak azaldu duenez, aurten 2,4 boto izango dira 2016ko posta bidezko boto bakoitzeko.

Aldaketa gehiago ere egongo dira hilaren 12an, izan ere, osasun larrialdi egoerak bestelako neurri batzuk hartzea eragin du. 764 hautesleku egongo dira guztira; hain zuzen ere, 2016an baino 45 gehiago. Hala, hauteskunde mahaietan egoteko 255 pertsona behar izango dira; orotara, 8.034 herritar egongo dira.

Bestetik, Gurutze Gorriak eta DYAk baliabideak jarri dituzte desgaitasun fisikoak dituzten edo gaixorik dauden herritarrentzat: anbulantzietan gerturatuko dituzte hauteslekuetara. Zerbitzua eskatzeko 943 46 46 22 edo 945 22 22 22 telefono zenbakietara deitu beharko da, hilaren 10a baino lehen.

Hauteskundeen gastuak, gora

Sailburuak azaldu duenez, hauteskundeetarako ohiko partida 6.000.000 eurokoa izaten da, eta "salbuespen kasuetan" handitu egin daiteke; adierazi duenez, oraingoa da kasu horietako bat. %10 handitu dute aurrekontua, eta "osasun baldintzak betetzeko" 420.000 euroko "gastu berezia" egingo dela adierazi du Artetxek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak